Igo dute Mantangorri, eta bukatu dira 2024ko Sanjuandegiko festak. Festa batzordeko kideek esan dutenez, giro paregabean joan dira aurtengo jaiak, eta nekeak neke, Sanjuandegikoek umorez agurtu dute 20:00etan auzoko ikurra den Mantangorri.
Aurrez, baina, izan da ekintzarik auzoan. Aurrena, zumba emanaldia eskaini dute Regla Hernandezek eta Lara Idoetak, eta adin guztietako herritarrak animatu dira haien erritmoetan dantza egitera. Ondoren, herri kirol erakustaldia izan da. Ohi baino beranduxeago hasi da kirol ekitaldia, buruz buruzko pilota txapelketaren finala tarteko. Bertan, parte hartu dute Olaia Esnaola eta Udane Ostolazak, Xabier Aranburu Guzta-k eta Goenatxo III-k eta Mikel Larrañagak eta Ugaitz Mugertzak.
Gainera, auzoko gaztetxoek buruhandiak gertutik ikusteko eta ukitzeko aukera izan dute festen azken egunean.
Kirolariek lanak amaitu berritan egin dute auzoko boletoen zozketa, bingo eta guzti. Aurten, 206 zenbakia izan da saritua, eta 308 zenbakia ordezkoa. Astebeteko epea emango dute antolatzaileek irabazlea ager dadin; ez agertzekotan ordezko zenbakia duenak eramango du saskia.
Horrenbestez, ederki eta giro ederreko festa egunak ongi aprobetxatuta amaitu dira Sanjuandegiko festak. Itaiako kideek jakinarazi dutenez, oraingoz ez dute eraso salaketarik jaso.
(Argazkiak: zumbakoak, Unax Larrañaga; gainerakoak, Maialen Etxaniz)