Ingurumenaren Munduko Eguna ospatuko du Ekoetxeen sareak asteburuan Gure lurrak. Gure etorkizuna lelo hartuta. Azpeitiko Ekoetxeak, Azpeitiko Udalarekin eta Urola Bizirik natur taldearekin batera hondakinen garbiketa kolektiboa antolatu du zapaturako, Landetako industrialdean. Nahi duten herritar guztiek parte hartu dezakete ekintza horretan, baina aurrez izena ematea derrigorrezkoa da lotura honen bidez. Sarralle lantegiaren aurrean elkartuko dira, 10:00etan.
"Ingurune naturaletan utzitako hondakinek substantzia toxikoak askatzen dituzte, lurzorua, ura edo airea kutsa dezaketenak eta izaki bizidun guztiei eragin diezaieketenak. Gainera, paisaiak degradatzen dituzte eta betiko kutsatuta geratzen diren ingurune askoren estetika hondatzen dute, gure inguruneko osasunari eta gureari eraginez. Zigarrokin soil batek bi urte arte behar ditu deskonposatzeko, eta plastiko batek 100 urte baino gehiago. Bat egin eta ekintzara pasatzeko unea da", azaldu du Ekoetxeak.
Honako egitarau prestatu dute larunbaterako, ekainaren 8rako:
- 10:00-10:30. Ongietorria, akreditazioak eta ekipazioa (zabor-poltsak eta eskularruak).
- 10:30-10:45. Antolatzaileen sarrera.
- 10:45-11:45. Garbiketa kolektiboa Landetako industrialdean.
- 11:45-12:00. Bildutako hondakin kiloen kontaketa eta taldeko argazkia.
- 12:00. Hamaiketakoa.