Azkoitiko Udalak gaur jakinarazi ditu III. Hike Eizan! bertsopaper lehiaketaren irabazleak, eta Oier Etxeberria azpeitiarra da helduen mailan lehen saria jasoko duena.
Azkoitian hitanoa eta bereziki nokaren erabilera bultzatzeko egitasmoa da Hike Eizan!, hango hainbat eragilek eta udalak elkarlanean sustatua, eta bertsopaper lehiaketa da antolatzen duten ekintzetako bat. Hain zuzen ere, aurkezten diren bertso guztiak hika idatzita egotea da lehiaketaren berezitasun nagusia, eta noka erabiltzea balioesten du Erniarraitz bertsozale elkarteak eta Hike Eizan! lantaldeko kideek osatutako epaimahaiak. Adinaren arabera banatutako hiru mailatan banatzen dituzte bertso sorta onenen sariak eta Azkoitia sariak –18 urtetik gorakoena edo helduena, 15 eta 18 urte arteko gazteena, eta haurrena–, eta helduen mailan Oier Etxeberria azpeitiarraren Sega pikan bertso sortarentzat izango da aurten sari nagusia. Zazpi bertso sorta aurkeztu dituzte lehiaketara nagusien maila horretara, eta iazko irabazleak, Izaro Zinkunegi errezildarrak, jasoko du bigarren saria.
Ekainaren 27an egingo dute, hain zuzen ere, sari banaketa, IV. Hike Eizan! bertso saioaren ondoren, Azkoitiko Elkargunean. Angoni Egañak, Jesus Mari Irazuk, Nerea Elustondok eta Oihana Iguaranek parte hartuko dute bertso saioan.