Jose Maria Guibert Adiskide Numerario izendatuko dute larunbatean

Iraia Oteiza 2024ko eka. 6a, 11:45

Jose Maria Guibert.

Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak ekitaldia egingo du larunbat eguerdian, Intsausti jauregian, eta Jose Maria Guibert Deustuko errektore ohi azpeitiarra izendatuko dute Adiskide Numerario.

Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak Adiskide Numerario izendatuko du Jose Maria Guibert (Azpeitia, 1962) larunbatean Azkoitian egingo duten ekitaldian. Ohi bezala, Intsausti jauregian izango da saioa, 12:00etan hasita, eta han izendatuko dute Adiskide Numerario Deustuko errektore ohia.

Hiru zati izango ditu ekitaldiak: aurrena, Luis Elizegi Mendizabal Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Gipuzkoako presidenteak ekitaldiari hasiera emango dio; bigarren zatian, Guibertek Giza faktorea lidergoan. Loiolako Inazio gure egunetan ikasgaia aurkeztuko du; eta azkenik, Juan Bautista Mendizabal elkarteko Adiskide Numerario azkoitiarrak harrera hitzak eskainiko dizkio Adiskide Numerario berriari. Horien ostean, elkartearen eskutik domina eta diploma jasoko ditu Guibertek.

Ekitaldiak iraun bitartean, musika emanaldiak eskainiko dituzte aretoan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide