Joan den asteburuan hasi zuten Ilunpeko pilotariek Gipuzkoako Herriarteko eskuzko Txapelketa. Joaneko partida jokatu zuten Beasainen kontra, eta 2-1 galdu zuten. Bihar, ostirala, itzuliko partidak jokatuko dituzte etxean, 22:00etan hasita, Izarraitz pilotalekuan. Azpeitia ordezkatuz honako pilotariek jokatuko dute bihar: kadeteetan, Ioritz Arsuaga eta Jokin Artetxe ariko dira; jubeniletan, Iker Otaegi eta Oier Larrañaga; eta seniorretan, Aimar Egiguren eta Jakes Elosegi.
Kadeteetan ez beste bi mailetan aldaketak izango ditu Azpeitiak. Kadeteetan joaneko bikote bera ariko da; Beasaingo Antzizarren Artetxek eta Arsuagak 3-22 hartu zituzten mendean Beasaingo goikoetxeatarrak. Jubeniletan, Sarasuaren tokian Larrañagak jokatuko du bihar, Otaegirekin bikotea osatuta. Maila honetan estu bukatu zuten joanekoa Azpeitikoek, Ariztimuñoren eta Madinaren kontra 22-20 galduta. Seniorretan bikotea estreinatuko du Azpeitiak; alegia, Labakaren eta Iker Egigurenen tokian, Aimar Egigurenek eta Jakes Elosegik jokatuko dute itzulikoa. Joanekoa 22-4 galdu zuten Ilunpekoek Beasaingo Garmendiaren eta Azketaren aurka.
Horrenbestez, bihar erabakiko da Azpeitiak aurrera egingo duen Herriarteko txapelketan ala final laurdenetan hasi eta bukatuko duen aurtengo Gipuzkoako txapelketa.
Gipuzkoako Herriartekoaren egungo txapeldunordea da Azpeitia. Aurreko zortzi edizioetako finalak jokatu eta horietatik bost irabazi ditu. Azken hiru finalak Oiartzunen kontra jokatu dituzte Ilunpekoek, 2021ekoa irabazi eta beste biak galduz. Aurten, baina, segurua da aurreko hiru edizioetako finala ez dela errepikatuko: final laurdenak gainditzen badituzte, finalaurrekoetan ariko dira aurrez aurre Azpeitia eta Oiartzun. Txapelketaren finala, berriz, ekainaren 29an izango da.
Lau eta erdiko partida
Herriartekoaz gainera, Eskuz Banakako Lau eta Erdiko Pilota Txapelketako jubenilen bigarren mailako neurketa bat jokatuko dute larunbatean, 12:15ean, Frontoi Txikian. Ilunpeko pilota elkarteko Azkue Eple taldeko Lizarazuren kontra ariko da.