Kulturaz kooperatibaren Doi erakusketa programak proiektu berri bat hartuko du bihar. Hain zuzen, Irati Antiak Julian Zulueta esklabistaren inguruko Azukre beltza erakusketa aurkeztu eta irekiko du bihar. Webgunea eta ikus-entzunezko instalazioa plazaratuko ditu Antiak. Erakusketaren irekiera 18:00etan izango da, Foru Ibilbideko erakusketa aretoan. Ondoren, han bertan egongo da ikusgai Antiaren proiektua ekainaren 23ra arte. Astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 20:00etara eta larunbatetan zein igandeetan 12:00etatik 14:00etara bisitatu ahal izango da erakusketa.
Honako hau da Azukre beltza proiektuaren sinopsia:
"Batzuetan historia batek arreta deitzen dizu. Ez polita, atsegina edota ulerterraza izateagatik; ezezaguna, iluna eta gogoetatsua izateagatik baizik. Historia horietako bat da Julian de Zulueta y Amondorena. Eta hori da historia hau erakargarri bihurtzen duena; ezjakintasunak interesa pizten duelako maiz. Izan ere, Zuluetarekin atzera begiratzeko ariketa bat egiten dugu, barrura begiratzera behartzen gaituena. Julian de Zulueta XIX. mendean Araban jaio eta Kubara migratu zuen gizon bat izan zen eta bere historia azukrearen eta pertsonen komertzioaren artean gurutzatzen da".