Jose Maria Guibert Adiskide Numerario izendatu dute

Ane Olaizola 2024ko eka. 8a, 16:40

Guibert, erdian ,Intsausti jauregian egin duten ekitaldian. (Azkoitiko Udala)

Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak Adiskide Numerario izendatu du gaur Jose Maria Guibert, Intsausti jauregian egin duen ekitaldian. Giza faktorea lidergoan. Loiolako Inazio gure egunetan sarrera ikasgaia aurkeztu du hark. 

Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak ekitaldia egin du gaur eguerdian Intsausti aretoan, eta Jose Maria Guibert (Azpeitia, 1962) Adiskide Numerario izendatu dute bertan. Hain zuzen, elkarteko sarrera ikasgaia aurkeztu du hark gaurko ekitaldian, Giza faktorea lidergoan. Loiolako Inazio gure egunetan izenpean, eta lidergotzaren teoria garaikideak, ezaugarriak eta bertuteak izan ditu hizketagai bere hitzartzean. Ignacio Arakistain musikariak arduratu da ekitaldia girotzeaz piano fortearekin, eta EAEko presidente Luis Elizegi eta elkarteko Adiskide Numerario Juan Bautista Mendizabal ondoan zituela jaso ditu Guibertek domina eta diploma. Han elkartu diren herritarren artean izan da, besteak beste, Ana Azkoitia alkatea. 

Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko katedraduna da, eta erakunde horretako errektorea izan zen 2013 eta 2023 artean. 1982tik, berriz, jesuita da. Pastoral jardueretan, gogojardunetan, boluntariotza sozialean eta inaziotar lidergo prestakuntzan kolaboratu du. Hogeitik gora liburu ditu argitaratuta, eta aste honetan bertan aurkeztu du azken lana: La Caverna: Diario del secuestro de un empresario vasco, bere aitaren bahiketaren harira idatzi duena. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide