Freestyle erako Scooter Jaialdia hartu du gaur Izarraitz skate parkeak. Goizeko saio libreen ondotik, 16:00etatik aurrera iragarrita zeuden txapelketak eta sari banaketa, baina euriak dena zapuztu aurretik jardunaldia aurreratu, eta bazkalondorako bukatu dituzte txapelketak zein sari banaketa.
Euskal Herri osoko riderrak elkartu dira gaur Azpeitian, iparrekoak zein hegokoak, gazteak zein beteranoak, eta Ingalaterratik etorritakoren bat ere bai. Ikuskizuna ematera eta skate parkeaz gozatzera ez ezik, gazte zein absolutuen mailetako park eta street txapelketetan lehiatzeko elkartu dira kirolariak. Junior mailan, podium bera izan dute bi moldeetako txapelketek: Alexander Uranga izan da txapelduna, Julen Uranga bigarrena eta Markel Goñi hirugarrena. Maila absolutuan, park txapelketa Alex Gonzalezentzat izan da, Harriet Portugalentzat izan da zilarra, eta Naroa Santanarentzat brontzea; eta street txapelketan, Ibai Martiarena izan da irabazlea, Gorka Lasaren eta Alex Gonzalezen aurretik.