Europako Legebiltzarrerako hauteskundeak 2024

2019koarekiko 13,5 puntu jaitsi da eguerdira arteko parte hartzea

Mailo Oiarzabal 2024ko eka. 9a, 14:58

Boto paperak Betharrameko hauteslekuan, gaur. (Mailo Oiarzabal)

Espainiako Barne Ministerioak emandako datuen arabera, Azpeitian 3.504 herritarrek eman dute boza 12:00ak arte, hautesle erroldaren %28,02k. 2019an, %41,6koa izan zen lehen orduetako parte hartzea, baina udal eta foru hauteskundeekin batera egin ziren Europakoak.

Europako Parlamenturako hauteskundeen lehen parte hartze datuak eman ditu dagoeneko Espainiako Barne Ministerioak. Hego Euskal Herrian behera egin du parte hartzeak 2019ko Europako hauteskundeekiko, eta Azpeitian ere bai.

3.504 herritarrek eman dute boza Azpeitian 12:00ak arte, hautesle erroldaren %28,02k. 2019an, %41,6koa izan zen lehen orduetako parte hartzea. Beraz, 13,5 puntu jaitsi da parte hartzea duela lau urteko hitzorduarekiko, baina udal eta foru hauteskundeekin batera egin ziren urte hartan Europako Legebiltzarrerako hauteskundeak.

Gipuzkoako parte hartze datua baino txikiagoa da Azpeitikoa: hautesle erroldaren %29,63k eman du botoa eguerdirako Gipuzkoan, eta 2019tik 8,63 puntu jaitsi da parte hartzea.

Eguneko bigarren parte hartze datuak 18:00etatik aurrera emango ditu Espainiako Barne Ministerioak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide