Bilibin enpresak iraunkortasunaren inguruko tailerra eskainiko du asteazkenean. Next Generation laguntzen barruan, Azpeitiko iraunkortasunari buruzko azterlana egin du Bilibinek –ez dute azterketaren inguruko xehetasunik eman–, eta enpresako kideek eskainiko dute formakuntza tailerra. Azoka Plazako aretoan izango da, asteazkenean.
Bi saio eskainiko dituzte, bata merkatariei zuzenduta, eta bestea herritarrei zuzenduta. Merkatarientzako eta ekoizleentzako saioa, 15:00etan hasiko da. Besteak beste, honako gai hauek landuko dituzte tailerrean: erabilera bakarreko plastikozko ontziek duten eragina ingurumenean, lege eta arauek zer dioten erabilera bakarreko plastikoei buruz eta zein alternatiba egon daitezkeen.
Bigarren saioa herritar guztientzat izango da, eta 18:00etan hasiko da. Udalaren arabera, "hondakinak nola saihestu, kontsumo arduratsua eta kritikoa nola sustatu, ekonomia zirkularra zer den eta zero zabor erosketak nola gauzatu" izango dituzte hizpide.