Datorren zapatuan, ekainaren 15ean, izango da Azpeitian Getariako Txakolinaren VII. Eguna. Urtero bezala, 12:30etik 14:30era, Getariako Txakolina jatorri izena duten ardoak eta oilasko zein gazta pintxoak dastatzeko aukera izango da Perez Arregi plazan, kantuz eta musikaz girotutako festan. "Plazatik aparte, herriko beste txoko bat hartzen duen festa da. Bertako produktuek ere izaten dute tokia, eta musikaren laguntzarekin, giro oso polita sortzen da. Herritar askorentzat urteroko ohitura bihurtu da Txakolinaren Egunera joatea", adierazi du Mikel Odriozola udaleko Festa batzordeburuak, txakolinaren bueltako egunak urte gutxiren buruan lortu duen atxikimendua nabarmenduz.
Aurten ere zortzi upategiren txakolina dastatzeko parada izango da Azpeitian: Agerre, Aitaren, Gaintza, Flysch, Hika, Hiruzta, Txomin Etxaniz eta Ulacia. Edanari laguntzeko jatekoa ere ez da faltako: Eusko Labeldun oilasko pintxoak zein Berastegi eta Premietxeberri herriko gaztagileen gazta pintxoak jarriko dituzte salgai.
Hain zuzen ere, iazko Getariako Txakolin Eguneko prezio berean salduko dituzte aurten ere janari-edariak: 5 euroren truke, kopa eta bost txakolin probatzeko aukera egongo da; pintxoak, berriz, 2 eurotan salduko dituzte. Pintxoak prestatzen eta saltzen ariko dira aurten ere Herriko Gaixo eta Elbarrien Aisialdi Taldeko kideak.
Festa giroa borobiltzeko, aurten Nafarroa Behereko ahotsek hartuko dute Perez Arregi, Bankako Menditarrak taldekoak ariko baitira kantuan Getariako Txakolinaren VII. Egunean.