Intza Lizarazuk ISBn jarraituko du beste denboraldi batez

Maialen Etxaniz 2024ko eka. 12a, 17:27

Intza Lizarazu. (ISB)

Kapitainak beste denboraldi bat egingo du LF Challlenge ligako Domusa Teknik ISB taldea gidatzen. Bestetik, klubaren 50. urteurreneko ekintzekin lotuta, aurten Azpeitian jokatuko dute Euskal Kopa Baskoniak eta Bilbao Basketek. 

ISB hasi da 2024-2025 denboraldirako prestatzen, eta dagoeneko jakinarazi dute emakumeen lehen taldeko konfirmazioa. Kontratua berri du emakumeen kapitainak, Intza Lizarazu azkoitiarrak.

Klubaren historia luzean bere lekua egin du Lizarazuk, eta, oraingoz, etxeko taldean jarraitzea erabaki du. Horrenbestez, emakumeen kapitainak beste denboraldi bat egingo du LF Challlenge ligan, Domusa Teknik ISB taldea gidatzen. Lizarazuk hogei urtetik gora darama ISBn jokalari gisa, eta momentu gaziak zein gozoak bizi izan ditu klubarekin. Azken une gogoangarria joan zen apirilean bizi zuen azkoitiarrak, mailaz igotzea lortu baitzuen Luis Agirre Katxi entrenatzailearen taldeak. 

Euskal Kopa, Azpeitian

Iaz, Galdakaoko (Bizkaia) Urreta kiroldegian ziren Euskal Kopa jokatzekoak, baina pistaren egoeraren eta hainbat arazoren ondorioz, bertan behera utzi behar izan zuten sariketa. Aurten, Euskal Kopak egoitza aldatuko du, eta Azpeitiko kiroldegian jokatuko dute. Hain zuzen, ISBren 50. urteurrenaren ospakizunaren aitzakian Azpeitian jokatuko dute Euskal Kopa Baskoniak eta Bilbao Basketek. Oraindik ez dute data jakinarazi. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide