Azpeitiko Udalak hasierako onespena eman dio Trukutxo eremurako Plan Partzialari. Atzo argitaratu zituzten Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) onespenaren inguruko xehetasunak. GAOko dokumentuen arabera, udaleko Gobernu Batzarrak ekainaren 4an onartu zuen Azpeitiko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Trukutxo eremurako Plan Partziala. Hierros Servando enpresak sustatu du plana, eta Santiago Peñalba Garmendia arkitektoaren zuzendaritza teknikoarekin idatzi da.
GAOko argitalpenaren arabera, "Plan Partzialaren helburua antolamendu xehatuaren araubidea zehaztea da, Azpeitiko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean ezarritakoa betez". Plan horrek Trukutxo eremuko lursailak "lurzoru urbanizagarri sektorizatu gisa" sailkatzen ditu, eta industria erabilerarako proposatzen ditu. Era berean, Plan Plartzialak barne hartzen du Eusko Jaurlaritzako ingurumen organoak emandako irismen-dokumentuan oinarrituta egindako Ingurumen Azterketa Estrategikoa. Eremuaren azalera 259.786 metro koadrokoa da.
Plan Partzialari dagokion dokumentua eta ingurumen azterketa jendaurrean jarri dituzte, eta proiektuari alegazioak aurkezteko 45 eguneko epea zabaldu dute. Alegazioak udaletxeko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan aurkez daitezke, baita udalaren egoitza elektronikoaren bidez ere.
Eibarko Hierros Servando enpresak 2022an jakinarazi zuen Corrugados Azpeitia enpresaren Trukutxoko pabilioietan birziklapen lantegi bat irekitzeko asmoa zuela. Lantegi berriaren jarduera burdinaren eta altzairuaren tratamenduan oinarrituko litzateke.