Klik!

Urte guztiko lasterketa

Aitziber Arzallus 2024ko eka. 17a, 09:12

Maiatzaren 4an jokatu zuten aurtengo Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketa. Egun bete-betea izan zen parte hartu zuten kirolarientzat, ikusleentzat, proban laguntzen aritu ziren boluntarioentzat eta, nola ez, antolatzaileentzat. Beste edozeren gainetik, hilabeteetako isileko lanaren emaitzaz gozatzeko eguna izan zen. 2024ko maiatzeko Uztarria aldizkariko Klik! argazki erreportajean jasota dago lan horren zati bat.

Emakumeak sasoi betean

Emakumeei mendian korrika hasteko bidea errazteko asmoz, haiei zuzendutako entrenamendu saioak antolatu zituzten bigarren edizioaren atariko gisa, eta izandako arrakasta ikusita, beste bost saio egin dituzte aurten, are arrakasta handiagoarekin. Malen Osa, Ainara Urrutia, Oihana Azkorbebeitia eta Ane Zabala mendi korrikalariek gidatu dituzte saioak, eta bakoitzean 50 bat emakumek eta hainbat gizonek parte hartu dute. Gainera, aurten lehendabiziko aldiz, 6-8 emakumek osatutako talde bat aritu da saio horiek prestatzen. (Argazkiak: Alberto Beloki)

Talde eragile indartsua

Antolakuntza taldeko kideak ikasturtea hastearekin batera jartzen dira lasterketaren hurrengo edizioari begira, eta gutxienez bi astean behin biltzen dira lanak antolatzeko eta koordinatzeko. Taldeko kide bakoitzak ardura jakin batzuk ditu, eta horiek betetzeko lantalde baten babesa. Argazkian bost lagun besterik agertzen ez diren arren, 11 kidek osatzen dute antolakuntza taldea, eta honakok dira: Iker Ezama, Mikel Argoitia, Aitor Zialtzeta, Joakin Egiguren, Gaizka Aranguren, Atharratze Beristain, Pedro Segi, Egoitz Arruti, Ander Arruti, Iñaki Rodrigez eta Iñigo Orbegozo. (Aitziber Arzallus)

Inklusioaren bidean

Mendi lasterketa soil bat baino zerbait gehiago izateko anbizioarekin sortu zuten Domusa Teknik 40 MLK, eta Marea Urdinarekin elkarlana lehiaz haragoko balioak lantzeko gogo horren ondorio da. Aurten, Carmen Belmar itsuak lasterketan parte hartu du, eta aurrez hitzaldiak eman zituen Azkoitian eta Azpeitian. Ikasberriko Anoa Gune Urdina, berriz, beti bezala Marea Urdinak kudeatu zuen. (A. Beloki)

Sare sozialen atzekoak

Domusa Teknik 40 MLKen sare sozialak hiru laguneko taldetxo batek astintzen ditu. Hiru lagunak hilean behin elkartzen dira, hurrengo hileko egutegia zehazteko, eta egunez egun zer eta nola sareratuko duten erabakitzen dute: lasterketari lotutako albisteak, emakumeen entrenamendu saioen ingurukoak, babesleei buruzko informazioa, berrikuntzak... Maiatzeko asteburu batera mugatutako mendi lasterketa bat izan zitekeena, urte guztian bizi-bizirik dagoen egitasmo bat izatea lortu dute, hein handi batean sare sozialak zaintzen eta egoki erabiltzen asmatu dutelako. (Utzitakoa)

Dortsalak prestatzen

Lasterketan parte hartzekoak diren herritarrek, probaren bezperako arratsaldean edo proba egunean bertan goizean goiz Azoka Plazan jaso behar izan zuten dortsala, eta horrekin batera jaso zituzten kamiseta, eskumuturrekoa eta inguruko ekoizle txikien produktuz hornitutako korrikalariaren poltsa ere. Argazkian ikus daitezke hainbat boluntario proba eguna baino hamar bat egun lehenago dortsalen banaketarako dena prestatzen. (A. Arzallus)

Boluntarioak, ezinbesteko laguntza

Maiatzaren 4a izan zen aurten egun handia, 40 MLK eta 15 MLK mendi lasterketak jokatu ziituzten eguna, hain zuzen; eta orduan ere ezinbestekoa izan zen boluntarioen laguntza: anoa guneetan, bidegurutzeetan, Azoka Plazan... denean behar izan zuten jendea. Antolakuntza taldeak egindako kalkuluen arabera, egun horretan 450 boluntario inguru aritu ziren lanean. (A. Beloki)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide