Urriaren 15era arte eska daitezke etxebizitzen alokairurako diru laguntzak

Nerea Uranga 2024ko eka. 14a, 09:00

Azpeitiko Alde Zaharra.

Laguntza jaso ahal izateko baldintzetako bat etxearen alokairuaren prezioa 650 euro baino gutxiagokoa izatea da. Eskatzailearen diru sarrerak kontuan hartuta emango dituzte laguntzaren zenbatekoak.

Azpeitiko Udalak zabaldu du etxebizitzen alokairurako diru laguntzak eskatzeko epea, eta urriaren 15era artekoa izango da. Laguntza jaso ahal izateko baldintzetako bat etxearen alokairuaren prezioa 650 euro baino gutxiagokoa izatea da. Eskatzailearen ditu sarrerak kontuan hartuta, laguntzaren zenbatekoa alokairu prezioaren %35 eta %60 artekoa izango da. Eskaera bakoitzeko gehienez 350 euro emango ditu udalak, baina salbuespen bat izango da Azpeitiko Alde Zaharreko etxebizitzen kasuan, 400 eurora irits daiteke laguntza. Alde Zaharra biziberritzeko prozesuari lotuta hartuko du neurri hori, udalak adierazi duenez.

Etxearen alokairu prezioaz gainera, bestelako ezaugarri batzuk ere bete beharko dituzte alokatutako etxebizitzek; alegia, laguntzetatik kanpo geratzen dira sustapen publikoko babes ofizialeko etxebizitzak, berrakurak, logelen alokairuak, etxebizitza gisa erabilitako lokalak edota Bizigune programaren barruan daudeak. Gainera, gutxienez alokairuko urtebeteko kontratua eskatzen du udalak.

Alokairurako laguntza jaso ahal izateko, bizikidetza unitateko diru sarreren muga urtean 28.000 euro haztatukoa da eskatzaile bakarreko kasuetan, eta 35.000 eurokoa bi eskatzaile edo gehiagoko kasuetan.

Honako ehunekoak ezartzen ditu udalak etxearen alokairurako laguntzetan:

  • 0-15.000 euro sarreren kasuetan, alokairuaren %60ko laguntza.
  • 15.000-21.000 euroko sarreren kasuetan, alokairuaren %50ko laguntza.
  • 21.000-30.000 euroko sarreren kasuetan, alokairuaren %45ko laguntza.
  • 30.000-35.000 euroko sarreren kasuetan, alokairuaren %35ko laguntza.

Laguntza jaso nahi dutenek eskaera aurkeztu beharko dute Azpeitiko Udalaren sarrera erregistroan, Azpeitia.eus webgunean eta Azpeitia Berritzenen bulegoan.

Azpeitiko Udalak 2013an sortu zituen etxebizitzen alokairurako laguntzak, gazteen emantzipazioa bultzatzeko helburuaren. Baina, beste zenbait kolektibok ere alokairua ordaintzeko zailtasunak dituztela jakitun, azken urteotan zabaldu egin du onuradunen profila: gaur egun, baldintzak betez gero, mugikortasun urria duten herritarrek, bananduta edo dibortziatuta daudenek, 70 urtetik gorakoek eta alargunek ere jaso ditzakete laguntzak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide