Gazte Langileen Topaketak egingo dituzte Azpeitian

Maialen Etxaniz 2024ko eka. 14a, 10:38

Euskal Herriko Gazte Langileen Topaketen aurkezpena. (Gedar)

Euskal Herriko hainbat txokotako gazteek ekainaren 28an eta 29an egingo dituzte topaketak. Herriz herri ari dira egitasmoaren aurkezpenak egiten, eta gaur Azpeitian egingo dute. 18:00etan hasita ikastaroa egingo dute, eta 19:00etan aurkezpena. Bertan emango dituzte jardunaldietara begirako jakingarriak.

Euskal Herriko hainbat txokotako Gazte Asanbladetako eta Gaztetxetako kideak Gazte Langileen Topaketak antolatzen aritu dira azken hilabeteetan, eta Azpeitia izango dute elkargune ekainaren 28an eta 29an. Maiatzean egin zuten egitasmoaren berri emateko agerraldia, eta, orain, herriz herri ari dira jardunaldien inguruko xehetasunak azaltzen. Azpeitian, esaterako, gaur arratsaldean egingo dute topaketen aurkezpena Gaztetxean. 18:00etan gitarra eta soinu ikastaroa egingo dituzte, eta horren ostean izango da jardunaldien aurkezpena. Behin aurkezpena eginda, luntxa eta Izaskunen eta Maialenen kontzertu akustikoa eskainiko dituzte. 

"Indarrak batzeko topaketak"

Jardunaldien berri emateko agerraldian azaldu zutenez, eguneroko jardunaren bidez, "antolakuntzan eta borrokan oinarritzen den kultura oso bat hedatzen saiatzen" ari direla azaldu dute gazteek; eta, zentzu horretan, "ezinbestekoa" dela Euskal Herriko Gazte Asanbladek eta Gaztetxeek egiten duten "lan etengabea".

Tokian tokiko eragile horiek guztiek egiten duten lanari balio eman diete: "Kolpatzen gaituzten auzi ezberdinen aurkako borroka-prozesuak piztea, ikuspegi kritikoa hedatzeko balio duten ekimenak antolatzea, injustiziak salatzea eta horiei aurre egiteko dinamikak bultzatzea, eta herrietako zein auzoetako gazteentzat ohiko aisialdi-ereduaz aparteko alternatiba zabala eskaintzea. Hori eta gehiago egiten dute gaztetxe eta gazte asanbladek". Era berean, azaldu dute helburua dela "kapitalismoari aurre egiteko borondatea duten gazte langileak batzea, eztabaidatzea eta komunitate politikoa eraikitzea", "indarrak batzea" xede hartuta.

Ekainaren 28rako eta 29rako askotariko ekintzak antolatu dituzte. Dena den, oraindik ez dituzte eman xehetasun guzti-guztiak, esaterako, jarduera bakoitza non egingo duten.

Hona hemen topaketen egitaraua, osorik:

Ekainak 28, ostirala: 

  • 12:00: Harrera eta Gazte Asanblada eta Gaztetxeen ibilbidearen erakusketa.
  • 17:00: Hitzaldia: Despolitizaziotik antolakuntzara. Datozen urteetako erronkak.
  • 19:30: Bertso erronka.
  • 21:30: Afaria
  • 22:30: Korto Txapelketa

Ekainak 29, larunbata:

  • 09:00: Gosaria
  • 10:00: Tailerrak: Manitas tailerra, okupazio tailerra, plangintza tailerra eta soinu ekipoen inguruko tailerra.
  • 12:00: Mahai ingurua: Gazte Asanblada eta Gaztetxeen ahotsetik esperientziak eta irakaspenak.
  • 14:00: Argazkia
  • 14:30: Bazkaria
  • 18:00: Herrialdeen arteko olinpiadak
  • 21:00: Kontzertuak: Obego, Baloon Frame eta Yakolev42

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide