Kilometroak 2024

2024ko Kilometroen 'Izpiz izpi' kantua aurkeztu dute, Skapaie elektrotxarangak egina

Nerea Uranga 2024ko eka. 14a, 12:16

2024ko Kilometroen kantuaren eta bideokliparen aurkezpena gaur, Azpeitiko Ikasberri ikastolan. (Nerea Uranga)

Aurtengo Kilometroen Izpiz izpi leloa du izenburu Skapaie elektrotxarangak sortu duen kantuak. Hitzak ere talde berak sortu ditu, aurtengo ikastolaren jaiaren hiru ardatzak kontuan hartuta: euskara, aniztasuna eta herrigintza.

2024ko Kilometroen kanta aurkeztu dute gaur Azpeitiko Ikastola Ikasberrin, baita doinu eta irudiak biltzen dituen bideoklipa ere. Aurtengo Kilometroen urtearen nahiz urriaren 6ko jaiaren antolaketan bide eta helburu diren hiru ardatzak bildu nahi izan dituzte abestiaren hitzetan eta irudietan: euskara, aniztasuna eta herrigintza.

Gipuzkoako Ikastolen aurtengo jaiaren Izpiz izpi leloa du izenburua Skapaie elektrotxarangak konposatu duen abestiak, ska erritmo alaian eta dantzagarrian. Musika ez ezik, hitzak ere taldeko kideek idatzi dituzte.

Skapaie gaur egun hamar lagunek osatzen duten talde gaztea da, eta kide gehienak Ikasberri ikastolako ikasle ohiak dira, kideetako bat irakasle ere bada da gaur egun Ikastolan. “Kantua nork egin zezakeen pentsatzen hasita, zalantzarik ez genuen izan; Skapaiek, nork bestela?”, azaldu du Kilometroen antolakuntza batzordeko kide Olatz Pratek. "Gazte alai eta jatorrak, euskaldunak, talentudunak, konprometituak, ikastolan eta herrian ezagunak, baldintza denak betetzen zituzten, eta gure zorionerako, baietz esan ziguten”, azaldu du Pratek.

Skapaieko kideen hitzetan, “erronka polita" izan da haientzako Kilometroen kantua egitea; izan ere, Skapaie talde gisa sortu duten lehen kantu propioa da.

Urtarrilean jaso zuten Skapaiekoek, Gorka Artola Kilometroen koordinatzailearen eskutik, kanta egiteko ardura eta berehala jarri ziren kantua sortzeko lanean buru-belarri.

"Lantz [Unanue] izan da taldeko ardatza kantua sortzeko zereginean. Doinuarekin hasi ginen, Lantzek hainbat proposamen ekarri zituen, eta instrumentuekin hainbat proba egin ostean, apurka-apurka forma ematen joan ginen musikari, kantaren egitura gutxi gorabehera zehaztuta utzi arte”, azaldu dituzte kanta sortzeko prozesuaren lehen pausoak musika taldekoek. Ondoren, Kilometroen urteko ardatzetatik abiatuta, hitzak osatzen joan ziren. Euskara, auzolana, berdintasuna eta hezkuntza dira hitzek jasotzen dituzten ideia nagusiak.

Dinamoa sormen guneko Soinuaren Eremuan grabatu zuten kantua Kulturazeko teknikariekin, ostiral arratsalde batean. Taldekide batzuk, gainera, aurrenekoz aritu ziren grabaketa estudio batean. "Arratsalde bakar batean grabatu genuen, neketsua izan bazen ere, gustura gelditu ginen egindako lanarekin”, azaldu dute musikariek.

Kantua eta gero, bideoklipa

Herrigintza izanik aurtengo Kilometroen ardatzetako bat, antolatzaileek hasieratik lehenetsi zuten bideoklipa ere herrian egitea. Hala, Kulturaz kooperatibako kideei proposamena eginda, martxan jarri zuten ikus-entzunekoa egiteko lantaldea.

Maiatzaren eta ekainaren artean grabatu dituzte irudiak, eta Ikasberri ikastolako komunitateaz gain, herriko hainbat eragilek eta norbanakok ere parte hartu dute. "Azpeitia herri saretua da oso, eta urteetan landu den saretze hori agerian jarri nahi genuen kantuaren bideoan ere. Ikastola sare horretan kide bat gehiago da, eta beste eragile batzuek hainbatetan egin duten bezala, kasu honetan, guri egokitu zaigu nolabait beste eragileak gurera deitu eta bilgune izatea”, azaldu du Pratek.

Izarraizko Atea parkean grabatu zituzten bideoklipeko irudi nagusiak. Skapaiekoek esan dutenez, “emozioz betetako eguna izan zen, eta giro ederra sortu zen".

Kilometroen antolaketako lantaldeko kideek azaldu dutenez, kantuaren egilea elektrotxaranga bat izateak abantailak ditu: "Ezagun da jendea nola biltzen den elektrotxarangen inguruan. Hala, bideoa egiteko orduan, musika taldea izan da nolabait gure eguzkilorearen erdigunea, eta haien bueltan bildu diren pertsonek irudikatzen dituzte hostoak, globo gorri, urdin eta berdeak astinduz, gure logoaren hiru ardatzak irudikatuz”.

Kilometroen urtea azken txanpan murgilduta

Alaitz Perez de Arenaza Kilometroak Kultur Elkartearen lehendakariak azpimarratu duenez, ohartzerako iristen ari da 2024ko Kilometroen urtea erdigunera, eta azken txanpara begira jarrita dago jada Ikastolen Elkartea ere. Azpeitiko Ikasberri ikastolak lekukoa jaso zuenetik egunera arte egindako bidea txalotu du Perez de Arenazak, eta adierazi du "kanta eta bideoklipa bidelagun paregabeak" izango direla gelditzen den azken txanparako indarrak hartzeko: "Urriaren 6an doinu alai eta dantzagarriekin ikastola eta herria izpiz izpi argituko dira!”.

Izpiz izpi kantuaren letrak:

Non egin bada
une orokoa berezi
Herritik ta herriarentzat
datorrena hezi
Kabian zenbat trebezi.

Barealdian oskol
Hegaldi azkarrenean gezi
Sasi denen gainetik sortu den lore
Euskararen oinetan harresi
Etor zaitez ikastolak jaia du merezi.

Izpiz izpi piztu elkarrekin
Ikastola auzo herri
Etorkizuneko kimuen buru
gure hizkuntzaren aberri.

Izpiz izpi piztu elkarrekin
Ikastola auzo herri
auzolanarekin izango dugu
gizartean zutabe berri.

Azpeitin[an] berez
geldirik ez bada erreka
Aurten kilometroen
festa da irriz beteta
Badator katxiporreta!

Kultur-aniztasuna
egunerokoaren oreka
Berdintasunez heziz, biharko okina, maisua, artzaina ta poeta
eskainiz denei merezi duten arreta.

Izpiz izpi piztu elkarrekin
Ikastola auzo herri
Etorkizuneko kimuen buru
gure hizkuntzaren aberri.

Izpiz izpi piztu elkarrekin
Ikastola auzo herri
Auzolanarekin izango dugu
gizartean zutabe berri.

Izpiz izpi piztu elkarrekin
Ikastola auzo herri
Izan eta izango diren hizkuntza
zaharren ikasle berri.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide