Alaitz Melgarrek Josefa, neskame liburua aurkeztu zuen atzo arratsaldean Deban (Gipuzkoa), dozenaka herritarren aurrean. Melgar barakaldarra (Bizkaia) da, baina liburuaren protagonista den bere amona, Josefa Agirre, azpeitiarra. Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak Tene Mujika beka eman zioten iaz Melgarri bere amonaren bizitza ikertzeko. Euskal Herriko historia hurbila arakatzeko proiektuak saritzen ditu beka horrek.
Melgarrek bere amonaren bizitza ikertzea erabaki zuen haren bizitza misterio bat izan delako euren familian. "Neskame ibili zen dirudunen etxeetan, eta gero, Ingalaterrara alde egin zuen eta han haurdun gelditu zen. Ez zen sekula ezkondu eta guraso bakarra izan zen. Pentsa, nire ama 1955ean jaio zen, eta garai hartan ezkongabea eta ama bakarra izatea bekatu mortala zen. Hori besterik ez dugu jakin izan; guk ez genion galdetzen eta berak inoiz ez zuen ezer kontatu. Beti sortu izan dit jakin-mina historia horrek, amonaren eta amaren historia ez ezik, nirea ere badelako, baina familian horren ondo gordetako sekretua izanik, orain arte ez naiz ausartu ezer galdetzera".
Jakin-min horri tiraka hasi zen ikertzen Melgar, eta ikerketa horren fruitu da atzo aurkeztu zuen Josefa, neskame liburua.