Eguzkia atera da Azpeitian, eta giro paregabean ospatu ahal izan dute Getariako Txakolinaren VII. Eguna. Bi orduz, 12:30etik 14:30era bitartean, jende andana bildu da Perez Arregi plazan, Getariako Txakolina jatorri izena duten hainbat upategitako ardoak eta oilasko zein gazta pintxoak dastatzeko. Hori gutxi ez balitz, Nafarroa Behereko Bankako Menditarrak taldeak girotu du plaza, jendaurrean eskaini dituzten abestiekin.
Getariako Txakolinaren VII. Egunari hasiera eman bezain laster egin da kola luzea txakolina eta pintxoak dastatzeko txartelak erosteko, eta behin horiek eskuratuta, minutu gutxiren buruan bete dituzte herritarrek gainerako postu guztiak. 5 euroren truke kopa eta bost txakolin probatzeko aukera izan dute; pintxoak, berriz, 2 eurotan saldu dituzte.
Zortzi upategik jarri dute postua gaur Azpeitiko Perez Arregi plazan: Agerrek, Aitarenak, Gaintzak, Flyschek, Hikak, Hiruztak, Txomin Etxanizek eta Ulaciak, hain justu. Jatekoari dagokionez, Eusko Labeldun oilasko pintxoak zein Berastegi eta Premietxeberri herriko gaztagileen gazta pintxoak izan dira gaur eguerdian dastatu ahal izan direnak. Aurten ere, Herriko Gaixo eta Elbarrien Aisialdi Taldeko kideak arduratu dira pintxoak prestatzeaz eta saltzeaz.