Festa giroan agurtu dute ikasturtea Karmelo Etxegarain eta Ikasberrin

Intza Trula 2024ko eka. 15a, 15:30

Ikasturte amaierako festak egin zituzten atzo arratsaldean Karmelo Etxegaraiko eta Ikasberriko haurrek zein gurasoek. Bi ikastoletako festek ondo pasatzeko askotariko osagaiak izan zituzten; jolasak, dantza emanaldiak, mendi ibilaldia, musika eta puzgarriak, horien artean.

Uda garaiari ongi etorria emateko eta ikasturtea agurtzeko festak egin zituzten atzo arratsaldean Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain eta Azpeitiko Ikastola Ikasberrin. Aspertzeko denbora tarterik ez zuten izan etxeko txikienek, ezta haien gurasoek ere; izan ere, besteak beste, askotariko jolasez, dantza emanaldiez, mendi ibilaldiaz, musikaz eta puzgarriez gozatzeko aukera izan zuten arratsaldetik iluntzera bitartean.

Karmelo Etxegarain, 17:00etan hasi zen festa, eta joan ziren haurrek eta gurasoek tailerretan eta jolasetan parte hartzeko aukera izan zuten, baita puzgarrietan saltoka ibiltzeko ere. Jarraian, LH6. mailako ikasleei agurra dantzatu zieten, eta eguna amaitzeko, afaria egin zuten, DJ saioak girotuta.

Ikasberrin, berriz, Kilometroetako Izpiz izpi kantuarekin dantza, mendi ibilaldia, jolasak, tailerrak, puzgarriak, tortilla patata lehiaketa eta afaria egin zituzten. Gainera, Skapaie elektrotxarangak emanaldia eskaini zuen.

(Argazkiak: Utzitakoak)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide