Azkoitiko Txerloia tenis klubak antolatzen duen Domusa Teknik tenis txapelketa irekiaren finalak jokatu dituzte goizean, Txerloiko tenis pistetan. 10:00etan hasita, guztira lau partida ikusteko aukera izan da han: urrezko kategoriakoa, zilarrezko kategoriakoa, brontzezko mutilena, eta brontzezko neskena.
Urrezko kategorian Jon Orbegozo azpeitiarrak eta Unai Alkorta tolosarrak jokatu dute finala, eta Orbegozo izan da txapelduna. Zilarrezko mailako finalean, berriz, Odei Sierra arrasatearra nagusitu zaio Julen Olaizolari. Aldiz, brontzezko kategoriako mutilen finalean Inax Igartua zumarragarra gailendu zaio Aritz Azkuneri; eta kategoria bereko nesken finala Maialen Agirrek irabazi du, Nora Lleraren aurka.
Aste Santuko oporraldiaren ondoren abiatu zuten txapelketa, eta orotara 56 lagun izan dira lehian lau kategoriatan banatuta. Gaur eman diote amaiera aurtengo txapelketari, Txerloian jokatu dituzten lau finalekin.