San Joan jaietako lehen hitzordua izan dute gaur arratsaldean Urrestillan: XX. San Joan Herri Krosa jokatu dute, Urrestillako Festa Batzordeak antolatuta. 17:00etan ekin diete haurren lasterketei, eta ume ugarik parte hartu du proba horietan. Beranduago, 18:00etan, helduen proba nagusia jokatu dute. Eguraldiak ateri eutsi dio arratsalde osoan zehar, eta horri esker, korrikalariak gertutik animatu ahal izan dituzte lasterkarien familiakoek zein lagunek.
Helduen proba nagusian, beste urte batez, Aitor Mimenza Azpeitiko bizilaguna eta Maite Etxezarreta nagusitu dira. 8.850 metroko ibilbidea osatu behar izan dute horiek; Mimenzak 29 minutu eta bi segundo behar izan ditu proba amaitzeko; Etxezarretak, berriz, 33 minutu eta 40 segundo. Senior gizonetan bigarren eta hirugarren postuak Mikel Arsuagarentzat (33:50) eta Iñaki Azpeitiarentzat (34:06) izan dira, hurrenez hurren. Emakumeetan, berriz, Eneritz Iraola (38:58) sailkatu da bigarren, eta Nora Orbegozo hirugarren (40:12).
Ibilbide bera osatu behar izan dute beteranoen kategorian lehiatu duten lasterkariek ere. Beteranoetan helmuga igaro duen lehen gizonezkoa Gari Uzkudun izan da, proba 32 minutu eta 50 segundoan amaituta. Bigarren postua Manu Hurtadorentzat izan da (33:48), eta hirugarrena Andoni Ibarbiarentzat (34:07). Emakumeetan Sarah Zalduak eskuratu du podiumean lehen postua, ibilbidea 54 minutu eta 23 segundoan amaituta. Helmuga zeharkatzen lehen urrestildarra Gorka Otaegi izan zen, ibilbidea 41 minutu eta 25 segundoan bukatuta.
Behin lasterkari denak helmugara iristean sari banaketa egin dute plazan.