36. Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketa jokatu zuten atzo, larunbata, Arantzan (Nafarroa). Lurralde ezberdinetako hamaika bertsolari aritu ziren lehian, tartean Joanes Azpillaga azpeitiarra. Gipuzkoako finalean bigarren sailkatu ondotik jokatu zuen Azpillagak Euskal Herriko finala.
Hasierako agurrak kantatu ondoren, finalaren lehen zatian zortziko handian eta zortziko txikian aritu ziren bertsolariak, binaka. Horietatik sei sailkatu ziren bigarren zatira: Joanes Azpillaga, Haira Aizpurua, Kattin Madariaga, Nahia Etcheverry, Unax Aizpurua eta June Aiestaran. Puntu bati erantzun eta bakarka gaiari bertso bana kantatu behar izan zioten sei horiek.
Azkenean, Haira Aizpurua sararrak (Lapurdi) irabazi zuen txapela, eta Nahia Etcheverry Ainhizeko (Nafarroa Beherea) bertsolaria izan zen txapeldunordea. Jose Luis Sukia Ikastolen elkarteko zuzendariak jantzi zion txapela Aizpuruari; txapeldunordeari, aldiz, Bertsozale Elkarteko Ainhoa Urienek eman zion saria. Beste parte hartzaile guztientzako ere izan ziren oroigarriak.