Egun batez triatloia alde batera utzi, eta bikote mistoen Swimruneko Euskadiko Txapelketa irabazi du asteburuan Eider Bereziartuak, Ruben Ruzafa aizarnazabaldarrarekin bikotea osatuta. Zapatuan banatu zituzten txapelak, Arabako Aldayeta klubak antolatutako probaren barruan jokatutako txapelketan.
Korrika eta igeriketa uztartzen dituen kirol jarduera da swinruma, baina ez da duatloia. Oinezko lasterkaldiak eta igerian egin beharreko zatiak bata bestearen atzetik egin behar izaten dituzte kirolariek: korrika hasi, igeri egin, berriro korrika, igerian berriz... Baina duatloian ez bezala, ez dute batetik besterakoan arropaz aldatzeko aukerarik; horrela, zapatillak soinean dituztela egin behar izaten dute igerian, eta uretarako txanoarekin eta betaurrekoekin korrika.
Herenegungo proban, lurreko eta uretako tarteak txandatuz, korrika 13,5 eta igerian 2,5 kilometro egin behar izan zituzten guztira lehiakideek. Bereziartuak eta Ruzafak 01.49.49 behar izan zituzten ibilbide osoa egiteko; minutu eskaseko aldea atera zioten bigarren bikoteari, Kataluniako Francisco Juarezi eta Monica Pellejerori. Beatriz Alvarez eta Gorka Bizkarra sailkatu ziren hirugarren tokian; haientzat izan zen bigarren postua txapelketan, eta Ainhoa Markinezentzat eta Egoitz Lasarentzat, hirugarrena.
Azpeitiarra eta Aizarnazabalgoa Zumaiako Triatloi Taldean (ZTT) taldekide dira. Hain zuzen ere, talde bereko eta Ruzafaren ohiko bikotekidea den Hele Alberdiren ordezko lanetan aritu zen Bereziartua zapatuko lehian. Ruzafak eta Alberdik Swimruneko Munduko Txapelketan parte hartuko dute irailean.