Oinarrizko produktuen bilketa handia egin du beste beste behin Kontseilu Sozialistak Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan. Joan den astean, ekainaren 13tik 15era bitartean, Ogi apurrik ez! lelopean egin zuten bilketa Kontseilu Sozialistako kideek: Azpeitian, Juan XXIII auzuneko eta Sanjuandegiko Eroski saltokien kanpoaldean jarri zituzten mahaiak.
Kontseilu Sozialistak lau urte daramatza lehengaien bilketa eta banaketa egiten: "Lan militanteari eta norbanakoen ekarpen ekonomikoei esker eusten diogu hasierako asmoari", dio. Azaldu duenez, "azken urteotan oinarrizko produktuen beharra larriagotu baino ez da egin langileriaren sektore xumeenentzat. Inflazioa eta zerbitzuen murrizketek gogor kolpatu dute jende askoren egunerokoa". Hori hala, "antolatzea eta elkartasuna praktikara eramatea inoiz baino beharrezkoagoa" dela azpimarratu du Kontseilu Sozialistak.
Horrez aparte, jakinarazi du, diruz lagundu nahi dutenek ES65 3035 0020 5702 0008 5892 kontu korrontean edo 688 76 90 47 zenbakian Bizum bidez egin dezaketela ekarpena, urte osoan zehar.