Datorren ikasturteari begira, Azpeitiko Eskola Kirolaren egitasmoan berrikuntzak txertatu dituzte. Proiektua osatzeko elkarlanean jardun dute Azpeitiko Ikasberri ikastolak, Azpeitiko Karmelo Etxegarai ikastolak, Iraurgi ikastetxeak eta Azpeitiko Udalak. Egitasmoan egindako aldaketak atzo azaldu zituzten jendaurrean, Azoka Plazako aretoan.
Eskola Kirolaren egitasmoko berrikuntzak azaltzeko hitzaldian Ion Oteiza kirol zinegotziak, Mikel Segurola Eskola Kirolaren koordinatzaileak eta hiru ikastetxeetako zuzendari Mari Azkuek, Mikel Olaizolak eta Aitor Cordobak parte hartu zuten.
Besteak beste, Eskola Kirolaren webgunea aurkeztu zuten. Egitasmoari buruzko informazio guztia eta egin dituzten berrikuntzen berri ere bertan aurki daiteke, baita datorren ikasturterako Eskola Kirolean izena eman ere.