Azpeitiko Udaleko Gabernu Batzarrak Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) Alde Zaharreko 1. hirigintza eremuaren hiri antolamendurako plan bereziari hasiera ematea erabaki zuen 2024ko maiatzaren 13an. Orain, plan horren berri emateko bilera irekia deitu du udalak astearterako, ekainaren 25erako. Batzarra udaletxean izango da, 19:00etan hasita.
Plan bereziak "hirigintza eremuko bizitegi eraikinak" ditu oinarri, eta haren xedea da plan orokorra garatzea. Udalak jakinarazi duenez, honako auzi hauek biltzen ditu plan bereziak:
- "Eraikinen teilatupeko solairuan etxebizitza independenteak baimentzea.
- EAEko etxebizitzen eta zuzkidura bizitokien gutxieneko bizigarritasun baldintzak eta diseinu arauak arautzen dituen ekainaren 28ko 80/2022 Dekretuaren bizigarritasun baldintzen aplikazio orokorra.
- Fatxadetan hegalkinak prestatzea eta ezartzea.
- Estalkietan terrazak egokitzea.
- Lurzati jakin batzuen hirigintza erregimena doitzea edo puntualki argitzea (Goiko kalea 2, 4, 6 eta 8).
- Goiko kaleko 2 zenbakidun ordubea ekipamendu komunitario gisa sartzea, udaletxeari atxikita.
- Eremuko arau partikularrak erregularizatzea, estalkipekotzat hartuz zuzenean estalkiaren forjatuaren edo taularen azpian dagoen solairua, fatxadaren azaleraren ondoriozko altuera edozein dela ere.
- Proposamenak berariaz erantzuten dio ekainaren 28ko 80/2022 Dekretuan ezarritako etxebizitzen bizigarritasun baldintzen aplikazioari".
Plan bereziak hartuko duen azalera, HAPOn ezarritakoaren arabera, 94.704 metro koadrokoa da, eta barne hartzen ditu Alde Zaharra, Goiko Kaletik gorako eremua, Enparan aldea eta Amue eremuko zati bat.
Planaren dokumentu osoa, ingurumen dokumentu estrategikoa, partaidetza programa eta hasierako onarpeneko akordioa Azpeitiko Udalaren webgunean kontsulta daitezke. Alegazioak egiteko epea zabalik dago.