Lagun Onak mendi bazkunaren urteko egutegian hutsik egiten ez duen hitzordua da Europako Mendietara irteera, eta aurten ere ez da faltako. Uztailaren 20an eta 21ean joango dira Europako Mendiak eta hango inguruak ezagutzera, baina dagoeneko ireki dute izen-ematea. Lekua mugatuta dago, eta izena emateko azken eguna uztailaren 18a izango da.
Uztailaren 20an 04:00etan aterako dira parte hartzaileak autobusez, anbulatorio aurretik. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, larunbatean, zailtasun desberdineko bi ibilbide egiteko aukera eskainiko dute. Modu horretan, mendizaleek nahieran aukeratu ahal izango dute zer bide egin. Honako hauek dira ibilbideak:
- Ibilbide luzea: 20 kilometro, +1.800 metro, Sotres-Vega de Urriellu-Horcados Rojoseko lepoa-Fuente Deko kablea.
- Ibilbide ertaina: 14 kilonetro +1.000 metro, Sotres-Duje bailara-Aliva-Fuente Deko kablea.
Bi kasuetan, kablea erabiliz jaitsiko dira mendizaleak, eta handik autobusez Potesera joango dira. Igande goizean, berriz, Cruz de la Viornako (1.151 m) gailurra egiteko aukera izango dute txangora animatzen direnek.
Irteeran izena emateko ezinbestekoa izango da federatuta egotea. Bazkideek 90 euro ordaindu beharko dituzte, eta bazkide ez direnek 110 euro.