Oier Ibargurenek hirugarren egin du Quebrantahuesos proban

Nerea Uranga 2024ko eka. 22a, 17:22

Oier Ibarguren txirrindulari azpeitiarra gaur Quebrantahuesos proban. (Oier Ibarguren)

Eguna bera "arraro" hasi duela, eta txirrindulari lasterketa ere halakoxea izan dela azaldu du Ibargurenek. Lortutako emaitzarekin gustura azaldu da.

Quebrantahuesos eta Treparriscos txirrindularitza proba entzutetsuak jokatu dituzte gaur Huescan (Espainia), eta Oier Ibarguren azpeitiarrak hirugarren egin du Quebrantahuesos 198 kilometroko lasterketan, 5:23:09 denboran bukatuta. Alexis Guerin izan da proba luzeko irabazlea, eta 5:12:24 denboran bukatuta, errekorra ezarri du. Haren atzetik bigarren, Emmanuel Conetek (5:21:44) egin du. Eguna "arraro samarra" izan duen arren, proban egindakoarekin "gustura" gelditu da Ibarguren. "Lehenengo hamarren artean sailkatzeko asmoarekin joan naiz, eta hirugarren egin dut. Orain, lasterketa ikusten izan diren lagunekin ospatuko dut", adierazi dio telefonoz Azpeitia Gukari.

Txirrindularitza probaren 33. edizioa jokatu da gaur, eta 11.000 parte hartzaile izan ditu. 07:15ean irten dute Sabiñanigotik txirrindulariek. Ibargurenek, baina, eguna ez du nahi bezala hasi. "Lo hartu dut eta irteera puntura ez naiz nahi nuen ordurako iritsi. Norberak proban duen denboraren arabera banatuta irteten da, eta niri irtetea zegokidan gunearen atzealdean jartzea egokitu zait, garaiz iristerik izan ez dudalako. Beraz, hamar aurrenekoetan irten beharrean, 200.goen artean irten dut", azaldu du azpeitiarrak.

"Bestetan ez bezalako proba"

Gero, lasterketa bera ere "bestetan ez bezala" egin dutela kontatu du Ibargurenek: "Bestetan lasai egin izan duguna gaur azkar egin dugu, eta alderantziz. Esaterako, lehenengo mendatea, Somport, gaur aurreko aldietan baino lasaiago igo, eta gero azkarrago jaitsi dugu. Marie Blanc, bigarren mendatea, normalean lasaiago igo izan dugu, eta gaur erritmo azkarragoa izan da. Behin hori jaitsi dugunean, berriro, aurrean gindoazen txirrindulari guztiak hogei bat txirrindulariko taldea elkartu egin gara. Proba irabazi duenak Marie Blanc aurretik ihes egin du beste batzuekin batera, baina mendatea igotzen hasi orduko irabazlea ez beste denak harrapatu egin ditugu". Portalet igo ondoren, bigarren egin duenak aurrera egin du Ibargurenen arabera, eta boskotea gelditu dira; tartean, Aimar Zubeldia, Imanol Arizmendi eta Luis Leon Sanchez. Hortik aurrera helmugara arteko bidea elkarrekin egin dute, baina Zubeldiari gurpilean zulatua egin zaio proba bukatzeko hamabost bat kilometro gelditzen zitzaizkionean, eta atzean gelditu behar izan du.

Helmugan Arizmendiri bere aurretik sartzen utzi dio Ibargurenek, baina irteerako denborak kontuan hartuta, hirugarren postua Ibargurenena izan da. "Sailkapen orokorra kontuan hartuta niri eman didate hirugarren postua", azaldu du.

Hirugarren aldiz irten du aurten Ibargurenek Quebrantahuesos proban. "Aurreko aldietan seigarren eta zortzigarren egin izan dut, eta aurten hamarren barruan sartzeko esperantza nuen. Baina gaur fuerte ikusi naiz". Hala ere, helmugara iritsi aurreko azken kilometroak luze egin zaizkiola aitortu du. "Entrenamentu luzeak egin gabe joan naiz, eta lau ordura arte oso ondo sentitu naiz, baina bosgarren orduan bete egin naiz, eta une horretan Imanolek [Arizmendi] asko lagundu dit".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide