Ekainaren 29an hasiko da Azpeitia Dantzan

Nerea Uranga 2024ko eka. 23a, 11:00

Sahatsa dantza taldekoak iazko Azpeitia Dantzanen.

Lau dantza ikuskizun izango dira egitasmoaren barruan, eta guztietarako sarrerak eskuragai daude dagoeneko. Sahatsa dantza taldeak Sahatsa Azpeitiko plazan kale ikuskizuna estreinatuko du datorren igandean.

Ekainaren 29an hasi eta uztailaren 21era bitartean izango dira aurtengo Azpeitia Dantzaneko saioak. Datorren asteburuan izango dira emanaldietako bi: Luis Beltza dantza suelto eskolak eta Juan Antxieta musika eskolak elkarrekin egingo dutena eta Sahatsa dantza taldearen ikuskizun berria.

Soreasu aretoan egingo dituzten hiru dantza emanaldietarako sarrerak doan dira, baina aurrez hartu behar dira. Sarrerak eskuratzeko aukera zabaldu dute, eta Kulturaz.eus webgunean hartu daitezke.

Datorren igandean, ekainaren 30ean, Sahatsa dantza taldeak Sahatsa Azpeitiko plazan kale ikuskizun berria estreinatuko du, herriko plazan, 19:30ean hasita. 11 murikarik girotutako hiru ordu laurdeneko emanaldi "bizi eta koloretsua" izango dela aurreratu dute. Otsagabiko dantza hautatuekin abiatuz, Auñamendien azpiko ibarreko bizilagunen jota, lapurtar inauterietako zirtzin koloretsu eta alaia, Zuberoako branle eta barrikaden oin-jokuetan oinarritutako sortu berri den dantza irudia, segalarien apustu nahiz Nafarroako zezen kalejiren antzezpenaz gozatzeko aukera ematen duen ikuskizuna prestatu dutela aurreratu dute Sahatsakoek.

Egitaraua:

- Ekainak 29, larunbata. Luix Beltza dantza suelto eskola eta Juan Antxieta musika eskola. 19:00etan, Soreasun. Sarrerak eskuratzeko hemen.

- Ekainak 30, igandea. Sahatsa dantza taldea, Sahatsa Azpeitiko plazan ikuskizuna. 19:30ean, plazan.

- Uztailak 7, igandea. Jose Mari Orbegozoren Dantzaki areto dantza eskolakoen ikuskizuna. 19:00etan, Soreasun. Sarrerak eskuratzeko hemen.

- Uztailak 21, igandea. Itsasi dantza taldearen Uharrak ikuskizuna. 19:00etan, Soreasun. Sarrerak eskuratzeko hemen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide