Urrestillako sanjoanak 2024

Arbola altxatuta, Urrestillan bete-betean dira sanjoanetan

Ihintza Elustondo eta Nerea Uranga 2024ko eka. 24a, 09:32

San Joan bezperaz hasi dituzte festak ofizialki Urrestillan herri afariarekin, suarekin eta plazan arbola zutik jarrita. Gaur, San Joan eguneko ekitaldiak izango dituzte festan segitzeko.

Atzo, San Joan bezperaz, suziria botata hasi zituzten sanjoanak Urrestillan. Segidan, Urrestillako festa batzorde berriko kideek frontoian afaltzeko bilduta zeuden herritarrak agurtu zituzten, eta festak antolatzen boluntario ondoan dituztenak eskertu eta jaiak ondo ospatzeko esan zieten herritarrei.

Afaria hasi aurrerik, urrestildar gazteenei zapi bana oparitu zieten; hau da, iazko sanjoanetatik aurtengora artean jaiotakoei. Bi haur izan dira aurten zapia jaso dutenak: Nile Etxeberria –iazko irailean jaio zen– eta Xabat Lasa –aurtengo apirilean jaiotakoa–. Segidan, herri afarira 300 lagun bildu ziren.

Afalostean, sua piztu ondoren,  enborra hartu eta kalejira egin zuten herritar gazteek, eta ondoren plazan zutik jarri zuten. Han egongo da enborra sanjoanak bukatu bitartean. Festa goizaldera arte izan zen Laket taldearekin.

Gaur San Joan eguneko ekitaldika izango dituzte Urrestillan: Azpeitiko musika bandaren kalejira, prozesioa, meza eta buruhandiak eguerdira artean, eta gauean Lizartxo eta Davila DJa.

Egitaraua:

Gaur, ekainak 24. San Joan eguna.

  • 09:00. Diana, herriko txistulariekin, trikitilariekin eta erraldoiekin.
  • 11:45. Azpeitiko Musika Bandaren kalejira.
  • 12:00. Prozesioa eta meza.
  • 13:00. Buruhandiak.
  • 22:00. Lizartxo eta Davila DJa.

Bihar, asteartea. San Joan Txiki.

  • 12:30. Sagardo dastaketa eta bazkaria.
  • 14:00-14:45. Mus txapelketarako izen ematea.
  • 15:00. Mus txapelketa.
  • 16:00. Puzgarriak.
  • 17:30. Merienda.

Ekainak 26, asteazkena. San Joan hirugarrena

  • 17:00. Umeentzako jolasak.
  • 18:30. Tortilla patata lehiaketa.
  • 20:30. Afari merienda.
  • Ondoren, zuhaitzaren entierroa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide