San Joan Txiki ospatzen ari dira gaur Urrestillan, jaien azkenaurreko eguna. Ekainaren 25ean ohi dutenez, dozenaka lagun elkartu dira gaur ere, astearte buruzuria izan arren, San Joan Txiki eguna estreinatzeko ospatzen duten sagardo dastaketan eta bazkarian; hain zuzen ere, 80 bat lagun jarri dira mahai bueltan, Bixker erretegikoek prestatu eta herriko gaztetxoen laguntzarekin eman duten bazkariaz gozatzeko.
Bazkaritan izan direnetako askok emango zuten izena 15:00etan hastekoa zen mus txapelketan; eta igerilekurako edo hondartzarako giro aproposagoa izan arren, jolaserako puzgarririk ez dute faltako umeek gaur Urrestillan; ezta merienda ere, festa batzordearen eskutik, 17:30ean.
Bihar, agurrekoa
Bihar, asteazkenarekin eta San Joan hirugarrenarekin, agurtuko dituzte aurten ere festak Urrestillan. San Joan arbolaren entierroa izango dute azken ekitaldia, baina haren atarian ez da faltako zer eginik eta zertaz gozaturik.
Hona hemen, biharko egitaraua:
Bihar, asteazkena, San Joan hirugarrena
- 17:00. Umeentzako jolasak.
- 18:30. Patata tortilla lehiaketa.
- 20:30. Afari merienda.
- Ondoren, zuhaitzaren entierroa.