Jose Maria Guiberten solasaldiak jendez bete du Sanagustin

Maialen Etxaniz 2024ko eka. 26a, 08:42

Jose Maria Guibertek haren aita zenaren bahiketaren inguruan idatzi duen La Caverna liburua aurkeztu zuen atzo Sanagustinen. Jakin-mina piztu zuen Munoandi elkarteak antolatutako saioak, eta jende ugari bertaratu zen hitzordura. Liburuan jasotakoez, aitaren bahiketaz eta egindako hausnarketez aritu zen, argazki proiekzioaz lagunduta.  

Munoandi kultur elkarteak antolatuta, Jose Maria Guibertek haren aita zenaren bahiketaren inguruan idatzi duen La Caverna: Diario del secuestro de un empresario vasco liburua aurkeztu zuen atzo Sanagustin kulturgunean, eta jakin-min handia eragin zuen hitzaldiak. Azpeitian oso ohikoa ez den puntualtasunarekin hasi zen solasaldia, 19:00etan, eta ordurako jende ugari zegoen kulturgunean, saioa noiz hasiko. Alex Silvak gidatu zuen solasaldia, liburuaren egileari askotariko galderak eginez. 

1983an bahitu zuten Jesus Guibert Komando Autonomo Antikapitalistek, eta Deustuko errektore ohiak bere eta bere aitaren ingurukoen testigantzak jaso ditu liburuan. Atzoko aurkezpenean, kaleratu berri duen lanean jaso dituen testigantzez, bahiketa garaian etxean bizi izan zituzten momentuez, gerora bahiketaren lekura egindako bisitaz, garai hartako testuinguru politikoaz, enpresariek jasan zituzten mehatxuez eta horien guztien inguruan etikoki egiten dituen hausnarketez aritu zen Guibert, besteak beste.

1983ko martxoaren 21ean Azpeitian bahitu eta hamazazpi egunez gatibu eduki zuten Komando Autonomo Antikapitalistek Jesus Guibert, Marcial Ucin enpresako kudeatzailea, Errezilgo kobazulo batean. Aita hil eta hamar urtera, bahiketa gertatu zenetik 41 urte joan direnean, argitaratu du Jose Maria Guibertek Jesus Guiberten senideen eta lagunen kontakizuna eta bizipenak jasotzen dituen liburua, aitari gertatutakoa "ez ahazteko" eta, era berean, "adiskidetzea bultzatzeko". Bere aitak jasandakoaren kontakizunaren bidez, haren zein beste hainbat euskal enpresabururen historia berreskuratu nahi izan du Guibertek, guztiei aitortza eginez. 

Irakurri Mailo Oiarzabal kazetariak La Caverna liburuaz Jesus Maria Guiberti egindako elkarrizketa, hemen

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide