Hamabi urteko ibilbidean ondoan izandakoak eskertuta agurtu da Azpeitia Cup

Nerea Uranga 2024ko eka. 26a, 11:04

Azpeitia Cup txapelketetako une bat.

2013tik kirola eta festa uztartuz gaztetxoen futbol txapelketak antolatu ditu Azpeitia Cupek. Azken txapelketa joan den asteburuan jokatu zuten. Urte neketsuak izan arren, esperientzia izugarri polita izan dela adierazi dute Azpeitia Cupen arduradunek.

Azpeitia Cupek bere ibilbidea bukatu du, eta elkartea osatzen duten kideek hamabi urte hauetan ondoan izan dituztenak eskertu dituzte. Azken txapelketa joan den asteburuan jokatu zuten, hain zuzen ere infantil nesken Domusa Teknik Azpeitia Cup futbol txapelketa. Eta txapelketa hori bukatzearekin batera, bere jarduna utzi du Azpeitia Cupek. Nekea sentitu dutela aitortu dute, baina momentu ederrekin gelditzen direla azpimarratu dute. "2013. urtean hasi genuen ibilbidea bere amaierara iritsi da. Hamabi urte dira proiektuari ekin geniola eta urte ederrak izan dira. Ezin ukatu urte neketsuak izan direla, baina guztiaren gainetik, bizi izan ditugun momentu ederrekin geratzen gara. Esperientzia izugarri bezain polita izan da guretzako, eta urte hauetan guztietan Azpeitiko herriari zein Urola bailarari gure ekarpena egin diogula uste dugu, eta alde horretatik, harro eta zoriontsu sentitzen gara egin dugun guztiarekin".

Urte hauetan guztietan bidelagun ugari izan dituztela nabarmendu dute, eta guztiak eskertu nahi izan dituzte: "Batetik, eskerrak eman nahi dizkiegu erakundeei, hala nola Eusko Jaurlaritzari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Azpeitiko Udalari. Batik bat, Azpeitiko Udala da eskertu nahi duguna. Izan ere, hamabi urtek askorako ematen dute, eta momentu ederrez gain, etapa zailak edota gogorrak bizitzea tokatu izan zaizkigu, eta beti izan dugu Azpeitiko Udalaren babesa eta laguntza. Beraz, mila-mila esker! Bestetik, Azpeitiko herriari eskerrak. Enpresen, denden, tabernen... laguntzarik gabe oso zaila izango litzateke egin dugun bidea egitea. Eta bukatzeko, hamabi urte hauetan gure bidelagun eta beti laguntzeko prest egon diren boluntarioak eskertu nahi ditugu. Hamabi urte urte asko dira, eta boluntario asko izan ditugu gure alboan. Guzti-guztiei gure eskerrik beroenak. Onenak zarete eta zuek gabe Azpeitia Cup ez zen berdina izango. Gora zuek!".

Futbolarekin "gozatzen" segitzeko, eta horretarako, haurrei behar eta merezi duten aukerak emateko aldarria egin du Azpeitia Cupek. "Jarrai dezagun futbolaz gozatzen, eta horretarako, eman diezaizkiegun gure haurrei behar eta merezi dituzten aukerak. Izan dezatela futbola beren nahiak edota ametsak egi bihurtzeko tresna bat. Gora herria! Gora Azpeitia Cup!".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide