LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguna da gaur, ekainak 28, eta Azpeitiko Udalak horren harira joan den astean egindako ezohiko udalbatzarrean aho batez onartutako adierazpena plazaratu du. Erakundearen esanetan, herriko egoeraren inguruan egin berri duten azterlanak erakutsi du Azpeitia bizigarri bat lortzeko bidean oraindik asko dagoela egiteko, eta bide horretan pausoak ematen jarraitzeko intentzioa berretsi du. Hain zuzen ere, nabarmendu du horretarako "inflexio puntu bat" izan direla onartu berri dituzten diagnostikoa eta datozen lau urteotarako ekintza plana, eta arduraz jokatzera dei egin die herritarrei, "Azpeitia herri anitz eta bizigarriagoa egitearen ardura herritar ororena delako".
Azpeitiko Udalak plazaratu duen adierazpenak honela dio hitzez hitz:
"Aurten, Azpeitiko Udalak, LGTBI+ errealitateen erradiografia egin eta neurriak abian jartzeko konpromisoa hartu du. Bertan, hainbat herritar eta eragileren testigantzak bildu dira, eta LGTBI+ komunitateak herriarekiko duen pertzepzioa, beharrak, kezkak eta kexak jaso dira. Udal arduradunoi argi geratu zaigu denontzako Azpeitia bizigarri bat lortzeko oraindik asko dugula egiteko, baina bide horretan pausoak ematen jarraitzeko prest gaude, eta horretarako, inflexio puntu bat izan dira onartu berri ditugun LGTBI+ diagnostikoa eta ekintza plana. Hori horrela, beste behin, eta inoiz baino indar handiagoarekin, zabaldu nahi dugu ekainaren 28an sexu askatasun eta eskubideen aldeko aldarria.
Beharrezkoa da esparru honetan gure herrian sexu eta genero identitate ezberdinetako pertsonek bizi proiektu seguru eta erosoa aurrera eramateko bizi baldintza egokiak sortzea. Inork ez dezan beharra sentitu Azpeititik kanpora bizitzera joateko bere sexualitatea askatasunez bizi aha izateko.
Hori horrela, hamarkada luzeetan baztertuta eta babesik gabe sentitu diren azpeitiarrei gertutasuna eta babesa adierazi nahi dizkiegu, eta bizi behar izan dituzten diskriminazio egoerak aitortu eta etorkizunean berriro errepikatu ez daitezen neurriak eta bermeak martxan jartzeko konpromisoa hartzen dugu, baita gorrota delitu edota gorrota mezuei aurre egiteko bitartekoak abian jartzekoa ere.
"Batzuk uste dute gai hau bakarrik LGTBI+ pertsonena dela, ez herri guztiarena", azaldu zuen herritar batek egindako elkarrizketetan, eta Azpeitiko Udalak ere bat egiten du uste horrekin. LGTBI+ gaiak herritar guztioi eragiten digu, eta herritar oro da Azpeitia herri anitz eta bizigarriagoa egiteko arduraduna. Hori horrela, LGTBI+ komunitateko herrikideen ikusgarritasunean, aitortzan eta erreparazioan jarri nahi dugu arreta aurrerantzean.
Ezin dugu ahaztu Azpeitian zein Euskal Herrian asko izan direla LGTBI+ borroken ikusgarritasunaren alde lanean aritu direnak, eta beraien lan nekaezinaren ondorioz, hainbat aurrerapauso lortu direla. Hala ere, eta diagnostikoan argi geratu den gisan, jarrera LGTBI+fobikoek oraindik presentzia handia dute gure herrian, eta horren aurrean antolatzea eta borrokatzea ezinbestekoa dira. Gure kasuan, instituzioetatik politika publiko integral eta sendoak, perspektiba feministan oinarritutako zerbitzuak, babes kolektiborako eta autodefentsarako mekanismoak sortzeko bideak... ezarriz.
"Eta jasotzea, jendearen esperientziak, bizipenak, herri honetan pasa dien gauzak... herri honetan gauza asko pasa dira eta". Gauza asko pasatu dira, eta orain herri bezala dagokigu ardurak hartu eta Azpeitia bizigarriago, anitzago eta parekideagoa lortzeko bidea egitea LGTBI+ komunitateko kideekin batera. Horretarako, datozen lau urteetarako Azpeitiko LGTBI+ planean jasotako neurriak martxan jartzeko ardura eta konpromisoa hartzen du udalak.
Azkenik, ekainaren 28aren bueltan, dei egiten dugu kaleak hartzera eta LGBTI+ kolektiboaren aldarrikapenekin bat egitera; eta nola ez, eskerrak eman nahi dizkiegu egunerokotasunean LGBTI+ pertsonen bizitzak bizigarriak izateko lanean eta borrokan ari diren kide eta kolektibo guztiei".