Hasi dira Gazte Langileen Topaketak

Maialen Etxaniz 2024ko eka. 28a, 20:22

Eguerdian harrera egin ostean, arratsaldean ekin diete antolatutako ekintzei. Hitzaldia izan da Soreasun, eta hainbat hausnarketa egin ostean, bertso erronka egin dute plazan. Afalondoan, korto txapelketa egingo dute Azpeitiko Gaztetxean. Bihar jarraituko dute egitarauarekin.

Gaur eta bihar artean Gazte Langileen Topaketak egingo dituzte Azpeitian, Euskal Herriko hainbat txokotako Gazte Asanbladetako eta Gaztetxetako kideek. "Komunitate politikoa indartzeko" ez ezik, aurrera begirako erronkez hausnartzeko ere baliatuko dituzte topaketak. Era berean, aisialdirako eta sozializaziorako ekintzak ere antolatu dituzte. 

Gaur eguerdian hasi dira gazteak Azpeitira iristen. Plazan jarri dute harrera puntua, baita hainbat gaztetxeren ibilbideen eta historien inguruko erakusketa ere. Dena den, arratsaldean ekin diete ekintzei. 17:00ak pasatxoan hasita, Despolitizaziotik antolakuntzara. Datozen urteetako erronkak hitzaldia izan da Soreasun, eta ehunka gazte bertaratu da hitzaldia entzutera. Ondoren, 20:00ak aldera, bertso erronka egin dute plazan. Bertsotan aritu dira  Aroa Arrizubieta eta Mikel Etxezarreta, Aitor Tatiegi eta Maddi Agirrerekin, parez pare. Gauean borobilduko dute gaurko egitaraua, korto txapelketarekin. Ondoren, Betharrametako frontoian igaroko dute gaua, eta bihar jarraituko dute ekintzekin. 

Hona hemen biharko egitaraua; 

Ekainak 29, larunbata:

  • 09:00: Gosaria
  • 10:00: Tailerrak: Manitas tailerra, okupazio tailerra, plangintza tailerra eta soinu ekipoen inguruko tailerra.
  • 12:00: Mahai ingurua: Gazte Asanblada eta Gaztetxeen ahotsetik esperientziak eta irakaspenak.
  • 14:00: Argazkia
  • 14:30: Bazkaria
  • 18:00: Herrialdeen arteko olinpiadak
  • 21:00: Kontzertuak: Obego, Baloon Frame eta Yakolev42

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide