Palestinaren eta islamaren aurkako pintaketak egin dituzte bart Sanjuandegiko biribilgunearen ondoan Palestinaren alde zintzilikatutako panelean. Palestina askatu zioen lekuan, Palestina akatu mezua utzi dute panela erasotu dutenek. Era berean, Israeli aipamena egiten zioten lekuan, Israel izena bera ezabatu dute, eta minbiziarekin parekatu dute islama. Elkar-ekinek nahiz Azpeitiko Gaztetxeak jazotakoa salatu dute.
Elkar-ekinek ohar bidez jakinarazi du mezu horien agerpena "deitoratzen" duela, eta jazotakoa "gogor" salatu ez ezik, jakinarazi du behin baino gehiagotan kendu dizkietela Palestinaren alde deitutako elkarretaratzeak iragartzeko kartelak: "Sanjuandegiko biribilgunearen ondoan Palestinarekiko elkartasunez jarritako muralean mezu xenofoboak eta genozidioaren aldekoak margotu dituzte asteburu honetan ezezagunek. Islama minbiziarekin konparatzen dute horietako batean, eta bestean Palestina askatu zioen mezuari 's' bat ezabatu eta 'Palestina akatu' irakurtzeko moduan utzi dute. Gaur arratsaldean ezabatu ditugu margoketa horiek. Gaineratu nahi dugu, azken hilabeteetan Palestinaren alde egin ditugun ekimenak iragartzeko kartelak ere behin baino gehiagotan kendu izan dizkigutela paretetatik, auzo batzuetan jarritako kartel guztiak desagertzeraino".
Muralean egindako erasoa hainbat arrazoigatik salagarria dela aipatu du Elkar-ekinek: "Batetik, mezu islamofoboen bidez, herri honetako komunitate oso baten aurkako gorrotoa eta diskriminazioa bultzatzen delako; bestetik, 40.000 palestinar baino gehiagoren hilketa ekarri duen genozidioa babesten dutelako"
Era berean, Elkar-ekinek nabarmendu du jazotakoa Europan eskuin muturraren gorakadaren testuinguruaren barruan ulertu eta kokatu behar dela: "Eskuin muturraren mamua indarrez hedatu da Europan denbora gutxian, eta antzeko adierazpenak testuinguru horretan ulertu behar direla uste dugu. Gezurra oinarri duten antzeko komentario eta zurrumurruak entzutea ohikoa da herriko txoko eta eremu askotan: oraingoan, urrats bat aurrera egin eta norbait mezu horiek mural baten gainean idaztera ausartu da". Hori dela eta, azpimarratu dute ezin direla horrelako mezuak normalizatu: "Ez dezagun normalizatu begien aurrean gertatzen ari dena".
Halaber, faxismoaren gorakadak "azterketa sakona" eskatzen duela adierazi du Elkar-ekinek, eta horren aurrean ekitearen beharra aldarrikatu du. "Faxismoaren gorakadak egoera sozial eta ekonomikoaren azterketa sakon bat egitea eskatzen du, baita bere aurka determinazioz ekitea ere. Ez gaitzatela lo harrapatu".
Gaztetxeak ere, gaitzespena
Gaztetxeak, bestalde, pintaketen argazkia igo du sare sozialetara, eta jazotakoa salatzen dutela aipatu dute: "Gaztetxetik gertaera hau salatzen dugu, ez baitugu onartuko herrian sionismoaren aldeko eta Palestinako sarraskiaren defentsako jarrerarik".