Donosti Cup futbol txapelketaren lehen partidak jokatu dituzte Garmendipen

Mailo Oiarzabal 2024ko uzt. 2a, 18:09

Bihar, etzi eta ostiralean ere goizez zein arratsaldez izango da partidak ikusteko aukera Garmendipeko belar artifizialdun zelaian.

Aurreko urteetan bezala, aurten ere Donosti Cup lagunarteko eta nazioarteko futbol txapelketaren egoitzetako bat izango da Azpeitia. Hain zuzen ere, gaur hasita, txapelketaren lehen lau jardunaldietako hainbat neurketa ikusteko aukera izango da Garmendipeko belar artifizialdun zelaian.

Maila eta lehia desberdinetako zortzi partida jokatu dituzte gaur –18:15ean hasiko da eguneko azkena, Ekintza eta Belgica Boys taldeen artekoa–, eta zortzina jokatuko dituzte bihar, etzi eta ostiralean ere, lau goizez eta lau arratsaldez; 10:00etan hasiko da goizeko jardunaldia, eta 15:30ean arratsaldekoa. Txapelketaren webgunean ikus daiteke Azpeitiko jardunaldien egitaraua.

Argazkietan, Belgica Boysek eta Antigua Luberri BHI B-k arratsaldean jokatu duten neurketaren irudiak ikus daitezke; 3-0 irabazi du Belgikako taldeak. Neurketa horren aurretik jokatu duten Intxaurdi-Molins de Rei partidan ondoeza eman dio Kataluniako taldeko jokalarietako bati; anbulatzian artatu dute lehendabizi zelaian bertan, eta anbulatoriora eraman dute ondoren.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide