Palestinaren eta Israel Gazan egiten ari den sarraskiaren gaineko bi mozio aurkeztu eta bozkatu zituzten atzo, uztaileko ohiko udalbatzarrean. EH Bilduk aurkeztutakoak egin zuen aurrera, udal gobernua osatzen duten koaliziokideen aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin. EAJk aurkeztu zuen idatzia, aldiz, atzera bota zuten; jeltzaleek alde bozkatu zuten, eta EH Bilduk kontra.
"Israel Gazan egiten ari den genozidioa" salatzeaz eta Palestinako herriari "elkartasuna eta konpromisoa" adierazteaz gain, hainbat eskaerarekin batera, "herriko eragileek Palestinako herriaren alde eginiko ekimenak babestea" onartu du udalak atzoko mozioarekin. Ondoko estekan irakur daiteke, osorik, EH Bilduren Palestinari buruzko mozioa.
EAJren Ekialde Hurbileko muturreko indarkeria egoerari buruzko mozioa dela eta, EH Bilduk aurkeztutakoaren "oso antzekoa" dela nabarmendu zuen Jabier Altuna jeltzaleen bozeramaileak, eta gaineratu zuen Urretxun (Gipuzkoa) EH Bilduk mozio beraren alde bozkatu zuela. EH Bilduk aurkeztutako mozioarekin "ia denean ados" egon arren abstentziora jotzearen arrazoia, berriz, 2023ko urriaren 7an Hamasek egindako erasoen aipamenik ez jasotzea dela azaldu zuen Altunak; "Iruditzen zait zuen analisian egun hori eta egun horrek izan dituen ondorioak falta direla", esan zuen, udal gobernuko kideei zuzenduta.
Urriaren 7an gertatutakoak saihesteko "inongo asmorik" ez dutela erantzun zion Nagore Alkorta alkateak Altunari, baina "terminologia garrantzitsua" dela eta "zenbait hitz erabiltzeko beldurrik ez" dutela izan behar azpimarratu zuen. "Palestinako herria sarraski bat bizitzen ari da, eta uste dut sarraski hitza erabil dezakegula" esanez hasita, honela bukatu zuen bere erantzuna alkateak: "Uste dugu horrelako kasuetan, Palestinaren kasuan, hitzak ere oso garrantzitsuak direla, eta benetako sarraski bat ari dela gertatzen. Genozidio hitzak zer esan nahi dun begiratzen badugu, esan nahi du gizarte zibil bat akabatzera eta suntsitzera joan direla, eta uste dugu Palestinaren kasuan argi eta garbi ari garela hori ikusten". Mozioaren azken puntuan jasotakoa berriro aipatzeko probestu zuen hitzaldia Alkortak, eta Palestinaren alde mobilizatzen ari diren herriko eragileekin bat egiten dutela berretsi zuen.