Ekindarrek urteko batzar orokorra egin du

Ekindarren atzoko batzar orokorrean bildutakoak.

Ekindar kooperatibak 2024ko batzar nagusia egin du Soreasu antzokian, eta besteak beste, orain arte kooperatibak egindako ibilbideaz eta aurrera begirako asmoez hitz egin dute. Aurtengo martxotik ari da Ekindarren eguzki plaken azpiegitura energia sortzen.

Atzo egin genuen 2024ko batzar nagusia, Soreasu antzokian, eta, besteak beste, orain arte egindako ibilbidea errepasatu, eta aurrera begira ditugun aurreikuspenen berri eman genuen. Behin horiek onartuta, Ekindarrek gaur egunera arte egin duen ibilbidea azaldu genuen. 2021. urtean sortu zen kooperatiba, eta 2024ko martxoan hasi ziren energia ekoizten eguzki plakak, 1,2 MW elektrizitate ekoizteko gaitasunarekin. Dagoeneko 500 kWh ekoitzi dituzte. Horri lotuta, kooperatibaren filosofia zein den ere gogoratu genuen: alde batetik, energia iturri berriztagarri batez baliatzea herrian bertan energia ekoizteko eta kontsumitzeko, eta, bestetik, sortutako energia garbia eta gertukoa izatea. Azken batean, etorkizun energetiko iraunkorra bermatzea da helburua.

Fakturen azalpena

Behin plakak ekoizten hasi zirenean, lehen fakturak ere jaso genituen, eta jakitun gara sorpresak ere izan direla. Horren berri ere eman genuen atzoko batzarrean. Plaka fotovoltaikoek ez dute uneoro sortzen energia (adibidez, gauez); ondorioz, sortzen ez dutenean, merkatutik erosten dugu, merkatuko prezioen arabera. Ekoitzi ez ezik, soberakinak merkatura ere eramaten ditugu orain. Egoera bitxi bat izan da justu gu merkatura sartu garenean. Simulazioak egin zizkigutenean, 124 inguruan zeuden prezioak; aurtengo martxoan eta apirilean, ordea, oso merke egon da energia. Ondorioz, soberakinak merkatura eraman ditugunean, ia musu truk saldu ditugu.

Kontuan izan behar dugu merkatua aldakorra dela, eta luzera begirako apustua dela Ekindar. Plantak oso ondo funtzionatzen du, kontsumitzen ari garena baino gehiago sortzen ari gara. Hori ona da, sarea energia berriztagarriekin elikatzeko gure alea jartzen ari garelako. Gomendio bezala, beste behin ere esan genuen gure kontsumoa eguzki orduetara eramaten saiatu behar dugula, eta, ahal dugun heinean, ordurik garestienak ekidin behar ditugula (adibidez, 21:00-00:00 tartea).

Baja emateko irizpideak

Gaur egun, 535 bazkide kontsumitzailek osatzen dugu Ekindar. Kooperatiba bideragarria da, eta ez du kontsumo guztia betetzen lortutako diru sarrera gehigarriengatik. %8 dago libre. Sor daitezkeen eskaera berriei ez ezik, etorkizunean izan daitezkeen baja eskaerei nola erantzun ere aztertu dugu. Erabaki dugu, lehenik eta behin, kontseiluak bilera egin beharko duela, ondoren automatikoki irteera emateko. Norbait kooperatibatik irteteak ezin die kalterik eragin gainerako bazkideei; horregatik, dirua itzultzeko irizpideak honako hauek izango dira: ekarpen bereko beste bazkide bat sartzea eta kooperatiban 535 bazkide egotea gutxienez; norbait hilez gero edo herrialdez aldatuz gero, kasuz kasu aztertuko da. Udal diru laguntzek eta Ogasunaren dedukzioek bost urteko iraupena eskatzen dute. Beraz, bazkide bat ateratzea onartzen bada, diru laguntza horiek itzuli egin beharko ditu.

Ekindar, hemendik aurrera

Aurrera begira jarrita, IDAEk diru laguntza potolo bat onartu dio Ekindarri: 1.163.208 eurokoa. Hori kobratu ahal izateko, ordea, aurrena bukatu egin behar ditu ezarritako baldintza batzuk: plaka fotovoltaikoak martxan egotea (egina), birkarga puntuak instalatuta egotea eta gutxieneko kontsumo bat izatea (amaitu gabe) eta aplikazio bat sortzea (Ekiluz, amaitu gabe). Maileguei dagokienez, 190.000 euroko mailegu bat du Ekindarrek Laboral Kutxarekin (hamar urterako) eta 75.000 euroko bat EVErekin (energiaren prezioaren soberakinen salmentekin ordaintzeko).

Ekindar martxan jarri dugu, baina kooperatibaren ibilbidea hasi bakarrik egin da. Sorrerako helburuei eusten diegu: energia arloarekiko eta klima aldaketarekiko sentsibilizazioa lana egitea, energiaren demokratizazioaren alde egitea eta trantsizio energetikoaren eragile izatea. Gure bidea geuk egin behar dugu. Horregatik, hausnarketa prozesu bat irekiko dugu: bazkideon parte hartzearekin, apaltasunetik baina erronkari uko egin gabe. Aholkularitza zerbitzu baten laguntza izango dugu horretarako, gardentasunez eta komunikazioa bermatuz.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide