Izar Arregi: "Nerabezaroan, aldaketa handiak lor daitezke gauza gutxirekin"

Miren Mujika Telleria (Gipuzkoako Hitza) 2024ko uzt. 9a, 09:50

Izar Arregi, artxiboko irudian.

Nerabeen gurasoen harremanak, jarrerak mugak... hitzaldia emango du Arregik bihar eta uztailaren 15ean Errezilgo Borondegin. Herri horretako San Antonio jaietan gertatutako eraso homofoboaren karietara antolatu dituzte saioak.

Ekainaren 14an, Errezilgo festetan, eraso homofobo bat jasan zuten bikotekide diren bi gizonezkok, beren bizitokian. Herriko nerabe batzuek txirrina jo zieten, atea behartu, eta harriak bota zizkieten leihora, "espainol zikinak" eta "marikoiak" oihukatuz. Errezilgo Udalak jakinarazi zuen erasoa egin zuten nerabeek aurpegia estalita zeramatela eta indarkeriaz aritu zirela. Aurrez ere eginak zituzten halakoak herriko nerabe batzuek. Nondik datoz, baina, jokabide horiek? Nola jokatu behar dute gazte horien gurasoek? Hain zuzen ere, galdera horiek erantzun eta gai horren gaineko gakoak emango ditu Izar Arregi psikologo kliniko eta familia terapeutak (Azpeitia, 1976) bihar eta uztailaren 15ean Errezilgo Borondegi kultur etxean emango duen Nerabeen gurasoen harremanak, jarrerak mugak... hitzaldian.

Zertaz arituko zara Errezilen?

Errezilgo hainbat guraso eta gazte kezkatuta daude herriko nerabe batzuk izaten ari diren zenbait jarrerarekin, bai festetan eta baita lehenago ere. Alarma sozial bat piztu da. Gertaera horiei erantzun bat eman nahi zieten udalak eta herriko gurasoek. Uztaila ez da izango halakoak egiteko hilabeterik onena, agian, baina orain gertatzen ari dira halakoak, eta, beraz, irailean erantzun beharrean, orain erantzun behar dela pentsatu du udalak. Lehenago ere herrian eginak zituzten esku hartzeak, baina Errezilgo jaietan gertatutakoarekin areagotu zen kezka. Guraso batzuek egoerarekiko kezka azaldu zioten udalari, eta eurak izan ziren zerbait egiteko beharra agertu zutenak. Ez naiz udaleko langileekin eta gurasoekin aurrez aurre egon oraindik, baina igartzen da oso inplikatuta daudela. Orduan, udaleko gizarte sailetik deitu zidaten galdetzeko ea zer egin ote zezaketen. «Nondik hasi gaitezke?», galdetu zidaten.

Eta nondik hasiko dira?

Bi hitzaldi antolatu ditugu herrian. Gurasoen diziplinaren eta funtzioen gaineko pauta batzuk prestatu ditut. Batetik, nerabe bat eta haren ezaugarriak ulertzen hasteko puntu batzuk azaldu nahi ditut, nerabea zer momentutan dagoen jakiteko eta harekiko enpatia pizteko. Bestetik, nerabearen ezaugarriak identifikatu ondoren, gurasoek horri aurre egiteko dituzten erronkez eta zailtasunez arituko ginateke. Erronkak eta zailtasunak aztertuta hasiko ginateke finkatzen gurasoek zer funtzio dituzten. Helburua da zailtasunak errazteko tresnak ematea eta ahalduntzen laguntzea. Nerabezaroan, aldaketa handiak lor daitezke gauza gutxirekin. Gurasook, askotan, beldurtu egiten gara nerabeek hartzen dituzten zenbait jarrerarekin, eta beldurrak paralizatu egiten gaitu. Momentu horretan gaudenean, zigortu egiten ditugu, baina ez dugu benetako arazora jotzen.

Zein da arazoa?

Nerabea zigortu aurretik, ez dugu pentsatzen zer gertatu ote zaion era horretako jarrerak izateko. Zeren beharra dauka? Bakarrik sentitzen da? Noraeza sentitzen du? Zer pizten dio guraso bati bere semea edo alaba jarrera horiek hartzen ari dela ikusteak? Gurasoak oso eredu garrantzitsuak dira nerabeentzat, eta guraso asko iristen dira euren burua zalantzan jarri eta suntsitzera. Nik, egingo ditudan bi saioetan, ahalegindu nahi dut bertaratzen diren guraso horiei sinetsarazten lan ona egiten ari direla. Lan ona egiten arituko ez balira, ez lirateke halako hitzaldietara joango. Benetan uste dut egingo ditudan saioak baliagarriak izango zaizkiela gurasoei pauta bat osatzeko, eta jakiteko nola landu nerabe baten arazoak eta zer muga jarri.

Zer-nolako mugak jartzea komeni da?

Mugak jarri aurretik, erreparazio jarreretan zentratu behar dugu. Gazteak hanka sartu badu, nola atera jakin behar du, eta horretarako estrategiak eman behar zaizkio. Hanka sartzeagatik errieta egitean zentratzea baino, hobe da laguntzea eragindako mina konpontzen. «Zu gai zara pertsona horri eragindako mina konpontzeko; beraz, goazen estrategiak pentsatzera». Horixe esan behar diote gurasoek gazteari. Lehenik, hari utzi beharko liokete estrategia horiek pentsatzen, baina normalena da erantzunik ez ematea. Orduan, gurasoek proposatu beharko lizkiokete aukera batzuk.

Norentzako solasaldiak izango dira?

Asteazkenekoa nerabeen gurasoentzako, eta uztailaren 15ekoa, zehazki, Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleen gurasoentzako. Izan ere, adin horretan dago kezkarik handiena. Hala ere, beste edonork etorri nahiko balu, ez dago inolako arazorik. Gai zerrenda bat daukat prestatuta, eta baita diapositiba batzuk ere. Dena den, egoerara egokitu nahiko nuke. Izan ere, Errezil herri txikia izateak eta gurasoek eskatutako zerbait izateak modua ematen du edukia ez izateko teorikoa soilik. Material hori aldean izango dut, baina saio praktikoagoak egin nahi ditut. «Zer moduz zaudete»; «zer gertatzen da?»; «zer kezka dituzue?»; «zertan lagundu dezaket?»... Horiek izango dira egin nahi ditudan lehen galderak. Abiapuntua une batetik bestera aldatuko dut, hala ere. Asteburu horretan beste herriren batean nerabeei lotutako beste zerbait gertatuko balitz, hori ere landuko nuke, adibidez.

Udalak badu bi saioei segida emateko asmoa?

Irailetik aurrera badute honi jarraipena emateko asmoa. Guraso eskolak egitekoak dira, adibidez. Izan ere, ez dute nahi geratzerik orain egin beharreko gauza batean soilik; jarraipena eman nahi diote, ez delako gertaera puntual bat.

 

(Gipuzkoako Hitza-n argitaratutako elkarrizketa)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide