Ehunmilak probako parte hartzaileak Azpeititik igaroko dira ostiraletik larunbatera artean

Nerea Uranga 2024ko uzt. 9a, 15:00

Azpeitian Azoka Plazan Ehunmilakeko anoa gunea.

Ostiral gauerdia baino lehen iritsiko dira Ehunmilak mendi lasterketako parte hartzaileak Azpeitiko Azoka Plazako anoa gunera. Hainbat azpeitiarrek parte hartuko  dute 171 kilometroko proban.

Ostiralean Beasaindik (Gipuzkoa) abiatuko da XIII. Ehunmilak mendi proba. 18:00etan irtengo dute parte hartzaileek herri horretako plazatik, eta segidan, inguruko herrietatik eta mendietatik igaroko dira lasterkariak. 171 kilometroko ibilbidea eta 10.500 metroko desnibel positiboa izango dituzte egiteko probako parte hartzaileek.

Urtero bezala, aurten ere Azpeititik igaroko da Ehunmilak lasterketa. Azkoitiko Madariaga auzotik Xoxotera igo beharko dute korrikalariek, eta handik Azpeitiko plazara jaitsiko dira. Ostiralean 23:50ean espero dituzte korrikalaririk azkarrenak Azoka Plazan jarriko duten anoa gunean. Azpeitia utzi ondoren, Zelatun aldera joko dute parte hartzaileek. Azpeitiko anoa gunetik larunbateko 07:45ak artean edukiko dute igaroko aukera.

Hainbat azpeitiarrek eman dute izena Ehunmilak proban parte hartu ahal izateko; besteak beste, Gema Segurolak, Maite Maizek, Saioa Iriondok, Arantxa Larrañagak, Aitor Cordobak, Ibon Lazkanok, Agustin Artetxek eta Anjelmari Etxeberriak.

Asteburuan Goierri inguruan beste bi mendi lasterketa ere jokatuko dira. Goierriko Bi Haundiak (88 kilometro) proba ostiraleko 23:00etan abiatuko da Beasaingo plazatik, eta Marimurumendi mendi maratoia (42 kilometro) igandeko 08:00etan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide