Jagoba Beobidek ez du jarraituko Real Unionen

Nerea Uranga 2024ko uzt. 10a, 17:21

Jagoba Beobide.

Hiru etapatan zortzi denboraldi jokatu ditu Beobidek Irungo taldean. Azken etapan, lau urtez segidan jardun du futbolari azpeitiarrak Real Unionen.

Azken lau urteetan Real Unionen jokatu du Jagoba Beobide (Azpeitia, 1987) futbolari azpeitiarrak; Irungo (Gipuzkoa) futbol klubean hirugarren etapa izan du. Orain, ordea, Beobideren Real Unioneko ibilbidea eten egin dela jakinarazi du futbol klubak ohar bidez, eta eskerrak eman dizkio futbolariari azaldutako “konpromisoagatik eta arduragatik”. Horrez gain, etorkizunerako dituen proiektuetan "zorterik onena" opa diola esan dio.

Beobide 2008-2009ko denboraldian batu zen Real Unionera, eta bi sasoi jokatu zituen orduan. Gainera, Irungo futbol klubaren historiako bi garaipenetan parte hartu zuen: Espainiako Bigarren Mailarako igoeran eta Espainiako Erregearen Kopa txapelketatik Real Madril kaleratu zutenekoan. Ondoren, baina, denboraldi bat Real Unionetik kanpo egin zuen, eta 2011-2012 sasoirako berriro Irunera itzuli zen.

Real Unionetik Alavesera joan zen azpeitiarra, eta Gasteizko taldean 2012tik eta 2016ra jokatu zuen. Gero, Burgos, Racing eta Cordoba taldeetan ere aritu zen, eta 2019ko abuztuan Finlandiako lehen mailako Rovaniemi Palloseura taldera joan zen futbolaria, eta han hiru hilabete eginda eta denboraldia amaituta, Azpeitira itzuli zen.

Segidan, 2019an, Real Unioneko hirugarren eta azken etapa hasi zuen Beobidek. Guztira, zortzi denboraldi egin ditu futbolariak Real Unionen; eta azken sasoia, RFEF Lehen Mailan jokatu du.

Futbolari azpeitiarrak, denera, 199 partida jokatu ditu Real Unionen, eta klubean partida gehien jokatutako hamar jokalarien artean dago.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide