Katapulta Tour Gipuzkoa 2024 egitasmoaren barruan, kontzertu bana eskainiko dute bihar, larunbatez, Indabe eta Akaleia musika taldeek Sanagustin kulturgunean. Sarrera doakoa izango da, eta zuzenekoak 20:00etan hasiko dira.
Akaleia Oihana Rodriguez zumaiarraren proiektu musikala da. Gaur egun, taldearekin eskaintzen ditu zuzenekoak. Ondoloin izeneko diskoa aurkeztu zuen iaz; bertan, pop-musikatik metal-musikaraino doazen estiloak landu ditu Akaleiak, besteak beste, soinu indartsu eta elektroniko bereizgarriarekin bat eginda. Ikusi Zumaia GUKAk egindako elkarrizketa, hemen.
Indabe musika taldea, berriz, Donostiako Antigua auzoan jaio zen. Elkarrekin musika jotzeko gogoa zuten hiru nesken taldea zen hasieran, eta 2021 urtean laukote moduan elkartu ziren taldea beste maila batera eramateko asmotan.
2023ko Uztailean lehen maketa atera zuten, Noiz arte izenekoa. Pop-rock musika estiloa duten sei abestiz osatuta dago. 2023ko azaroan Azaletik izeneko abestia atera zuten, taldearentzat bide berri baten hasiera izango zena.
Katapulta Tour kultur arloko artista gazteak antzokietara eramatzeko eta laguntzeko programa da.