Azpeititik igaro da Ehunmilak mendi lasterketa

Ihintza Elustondo 2024ko uzt. 13a, 07:54

Azkoitiko Madariaga auzotik barrena sartu dira Azpeitiko lurretan kirolariak, eta Xoxote igo eta jaitsi ostean, 23:50 aldera iritsi dira Azoka Plazara. Ondoren, Zelatunerako bidea hartu dute. Hainbat azpeitiar ari dira parte hartzen 171 kilometroko proban. Fidel Fernandez kantabriarra eta Elena Calvillo beasaindarra ailegatu dira aurrenak Azoka Plazara.

Ehunmilak mendi lasterketa Azpeititik igaro da gaur goizaldean; zehazki, 23:50 aldera iritsi dira lehen korrikalariak Azoka Plazara. Azkoitiko Madariaga auzotik barrena sartu dira Azpeitiko lurretan kirolariak, eta Xoxoterako bidea hartu dute. Gailurra igo eta jaitsi ostean, Azpeitiko plazara iritsi dira. Azoka Plazan jarri duten anoa gunean geldialdia egin ostean, Azpeitia utzi eta Zelatun aldera jo dute parte hartzaileek. Azpeitiko anoa gunetik gaur goizeko 07:45ak artean eduki dute igarotzeko aukera.

Gizonetan, Fidel Fernandez kantabriarra (Espainia) iritsi da aurrena herriko plazara, 6.02.38 denborarekin, eta haren atzetik, 25 segundora sartu da Mark Young ingelesa, 6.10.19 denborarekin. Hirugarrena, berriz, Igon Manzisidor Zumaiako bizilaguna izan da, 6.16.55 denbora ezarrita. Emakumeetan, bestalde, Elena Calvillo beasaindarra iritsi da lehena plazara, 8.02.10 denborarekin, bigarren Chelo Velasco asturiarra (Espainia), lau segundora, eta Elena Sanz aragoiarra (Espainia) hirugarren, 42 minutu eta hiru segundora.

Atzo, ostirala, Beasaindik (Gipuzkoa) abiatu zen XIII. Ehunmilak mendi proba. 18:00etan abiatu ziren parte hartzaileak herri horretako plazatik, eta inguruko herriak eta mendiak zeharkatuz, 171 kilometro eta 10.500 metroko desnibel positiboa dituen ibilbidea osatu beharko dute parte hartzaileek.

Hainbat azpeitiar

Hainbat azpeitiarrek eman dute izena Ehunmilak proban parte hartu ahal izateko; besteak beste, Gema Segurolak, Maite Maizek, Saioa Iriondok, Arantxa Larrañagak, Aitor Cordobak, Ibon Lazkanok, Agustin Artetxek eta Anjelmari Etxeberriak.

Asteburuan Goierri inguruan beste bi mendi lasterketa ere jokatuko dira. Goierriko Bi Haundiak (88 kilometro) proba atzo 23:00etan abiatu zen Beasaingo plazatik, eta Marimurumendi mendi maratoia (42 kilometro) bihar 08:00etan hasiko da.

Honako lotura honetan ikus daiteke pasoetako eta egungo sailkapena.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide