Kaosean ere azkarrena azkarren

Andoni Urbistondo (Aiurri.eus) 2024ko uzt. 12a, 17:54

Philpsen Van Aerti aurrea hartzen, gaur, Pauen. (@LeTour, bideo-irudia)

Jasper Philipsenek bigarren etapa garaipena lortu du; haize-babesak eta erritmo itoa izan dira Pauera bidean, eta kaos horretan etxean bezala aritu da belgikarra.

Etapa gogorra eta azkarra osatu du tropelak Pauera bidean. Haize-babesen beldur, ihesaldi arriskutsua sortu da etapa hasi eta gutxira, Adam Yates sartu baita 25 laguneko taldean. Yates 6.59ra dago sailkapen nagusian, eta Vismak erantzukizuna hartu behar izan du britainiarra buruko min bilakatu ez zedin. Ez da taldetik jazarpen lana egitera mugatu, haize-babesak behartu baititu, oilarrak estutzeraino. Modu horretan lortu dute Yatesen taldeak gehienez 1.10ko tartea edukitzea, eta arriskua modu naturalean itzali da, aurreko taldean euren artean mokoka hasi eta lau lagunek bakarrik eginda aurrera.

Lau lagun horiek, ordea, tropelaren eta haize-babesen aurka egin behar izan dute borroka, eta hor tropela baino indartsuagorik ez dago. Tentsioa handia, eta abiadura, ikusgarria. Etapa bukaeran zeuden laugarren mailako bi muinoek etengabeko eraso ahaleginak ekarri dituzte, kontrol faltan, baina Lotto taldea aritu da egoskorren denak harrapatzen. Gero, azken esprintean oso baldar aritu da taldea, Capiot bideratzailea batez ere, erorketa bat eraginez. Laportek egin dio bideratzaile lana Van Aerti, baina ondo ez, eta Philippsenek, urrunetik ekinda, aise irabazi dio Van Aerti.

Bihar Pirinioetako lehen etapa korrituko da, Paue-Pla d'Adet: 152 kilometro, bi hors categorie bidean: Tourmalet mitikoa eta helmugako Pla d'Adet, eta bigarren mailako Hourquette d'Ancizan bien artean. Ikuskizun zer jarrera izango duen UAEk, baina gaur jokatu duen moduan jokatuta, litekeena da lasterketa eramateko ardura Vismari uztea, Pogacarrek azken kilometroetako eraso bat jo eta segundotxo batzuk irabazteko. UAEren jarrera aldaketa horrek, gainera, ihesaldiaren arrakasta aukera handitzen du. Ez Roglic, ezta Ayuso ere, ez dira Pirinioetara iritsiko, zoritxarrez.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide