Ion Etxeberria erremontista azpitxapeldun, San Fermin torneoan

Ihintza Elustondo 2024ko uzt. 13a, 13:50

Ion, beheko ilaran, ezkerretik bigarrena. (Euskal Jai Fundazioa)

Iazko txapela errepikatu nahi zuen azpeitiarrak Zeberio II.arekin bikotea osatuta, baina ez dute lortu Utergari eta Mitxeori aurrea hartzea Lehen Mailako finalean. 29 eta 35 galdu dute Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatutako neurketa.

San Fermin torneoko finalak jokatu zituzten atzo, ostirala, Iruñeko Labrit pilotalekuan, eta Ion Etxeberria erremontista azpeitiarra lehiatu zen han, Lehen Mailako finalean. Hain zuzen ere, Zeberio II.arekin bikotea osatuta aritu zen, Uterga eta Mitxeo nafarren aurka, eta ezin izan zuen azpeitiarrak txapelik jantzi: izan ere, gorriek 29 eta 35 galdu zuten finala.

Urdinek gehiago asmatu zuten atzoko neurketan. 2023an bezala txapela janztea zen Zeberio II.aren eta Ionen helburua, eta partidaren hasieran markagalua nahiko berdinduta ikusten baldin bazen ere, 10 eta 16 aurreratu ziren urdinak. Dena den, gipuzkoarrek neurketa 20 eta 20 berdintzea lortu zuten. Dena den, Utergak eta Mitxeok berehala erreakzionatu zuten.

Markagailuan Uterga eta Mitxeo aurretik jarri ziren berriro, 25 eta 26, eta urdinek beste bost tanto egin zituzten jarraian, Zeberio II.ari eta Ioni alde nabarmena aterata. Azkenean, gipuzkoarrek borroka egin bazuten ere, 29 eta 35 gailendu ziren Doneztebeko (Nafarroa) Uterga eta Mitxeo, eta beraz, Nafarroara joan da aurtengo txapela.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide