Lagun Onak mendi bazkunako hiru emakumek balentria ederra egin dute asteburuan, eta arrastoa utzi dute Ehunmilak lasterketaren historian; izan ere, aurten, aurrenekoz, Ehunmilak lasterketako taldeetako bat emakumeek soilik osatutakoa izan da, Lagun Onak mendi bazkunako hiru emakumek osatutakoa. Hain zuzen, Gema Segurola, Maite Maiz eta Saioa Iriondo izan dira taldeka Ehunmilak proba amaitu duten aurreneko emakumeak, Erlo izenarekin. Lagun Onakeko emakumeek 43:10:27 denboran amaitu zuten 171 kilometroko proba.
Ostiral arratsaldean, 18:00etan, abiatu zen XIII. Ehunmilak lasterketa Beasaindik (Gipuzkoa). Inguruko herriak eta mendiak zeharkatuz, 171 kilometro eta 10.500 metroko desnibel positiboa dituen ibilbidea osatu dute proban parte hartu duten ehunka korrikalarik. Fidel Fernandez eta Chelo Velascok irabazi dute aurtengo Ehunmilak lasterketa. Parte hartzaileen artean izan dira hainbat azpeitiar, besteak beste, Aitor Cordoba, Ibon Lazkano, Agustin Artetxe eta Anjelmari Etxeberria, Gema Segurola, Maite Maiz, Saioa Iriondo eta Arantxa Larrañaga.
Aurtengo taldekakoan hiru talde misto ere izan dira. Hiruretan bi gizonezko eta emakumezko bat lehiatu dira, eta tartean izan da Azpeitiko Xoxote taldea, Agustin Artetxek, Angel Mari Etxeberriak eta Arantxa Larrañagak osatutakoa. Horiek ere amaitu zuten proba.
Ehunmilak lasterketa ez ezik, Goierriko Bi Haundiak (88 kilometro) proba eta Marimurumendi mendi maratoia (42 kilometro) ere jokatu dira asteburuan. Atzo arratsaldean egin zituzten hiru lasterketen sari banaketak, Beasaingo plazan.