Urrestillako Kaletxiki eta Kaleaundi berrurbanizatzeko obra proiektuarekin, Urrestillako erdigunea eraberritzeko proiektua martxan jarri du Azpeitiko Udalak. Lau fase ditu eraberritze proiektuak, eta lehen faseko lanak gaur hasiko dituzte Kaletxikin. Aurrena, kale horretako etxebizitzak urik gabe ez geratzeko, kanpotik urarentzako ingurabide bat egingo dute.
Ondoren, hasiko dituzte Kaletxikin hirigintzako obrak; besteak beste espaloiak eta kaleko zorua berrituko dituzte. Berrikuntza lan horiez gainera, ur saneamendu sistema berria eraikiko dute.
Udalak egindako aurreikuspenen arabera, bost hilabete beharko dituzte Kaletxikiko obrak egiteko. Urrestillako erdigunea berritzeko hirigintza proiektu osoak, berriz, lau urteko iraupena izango du, eta lau fasetan banatuta egingo dute.