Nagore Aranburu protagonista den ‘Querer’ telesaila Donostiako Zinemaldian izango da

Nerea Uranga 2024ko uzt. 15a, 12:34

Nagore Aranburu 'Querer' telesaileko beste aktore batzuekin. (Donostiako Zinemaldia)

Sail Ofizialeko lehiatik kanpo parte hartuko du Alauda Ruiz de Azuak zuzendutako eta Nagore Aranburu protagonista duen lau ataletako telesailak.

Donostiako 72. Zinemaldian, irailaren 20tik 28ra, parte hartuko duten “ekoizpen espainiarreko” hamazazpi film (hamabi film luze, film ertain bat, film labur bat eta hiru telesail) aurkeztu zituzten joan den ostiralean Madrilen Espainiako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademian egindako agerraldi batean; Zuzendari Berriak, Horizontes Latinos, Zabaltegi-Tabakalera eta Belodromo sailetan erakutsiko dituzte. Film horien artean da Nagore Aranburu aktore azpeitiarra protagonista duen Querer telesaila.

Sail Ofizialeko lehiatik kanpo parte hartuko du Alauda Ruiz de Azuak (Barakaldo, Bizkaia, 1978) zuzendutako Querer telesailak. Lau atal ditu telesailak eta Aranburu da guztietako protagonista. 30 urtez ezkonduta eman eta bi seme-alaba elkarrekin izan ondoren, Mirenek (Nagore Aranburuk interpretatzen du) senarra utzi eta etengabe bortxatzeagatik salatuko du. Salaketa larri horren ondorioz, seme-alabek aukeratu egin behar dute: amari sinistu ala errugabea dela dioen aitaren alde egin. Pedro Casablanc, Miguel Bernardeau, Ivan Pellicer eta Loreto Mauleon aktoreek ere egiten dute lan telesailean.


Nagore Aranburu Querer telesailean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide